...Gerturatu Eta Lau

Praktikaren teoriatik edo, nahi bada, teoriaren praktikatik, saiakera bat egingo dugu, porrota ere arrakastatzat jota. Lau saiotan eta lau ardatzetan, bertsolaritza entzungai eta gogoetagai.

Beti esan izan da bertsolaritza taldeko ekintza dela. Baina, zenbateraino aztertu dugu taldetasun hori?Kartela_Gerturatu Eta Lau Nolakoa litzateke bertsolaritzaren egitura bera feministagoa, kooperatiboagoa eta horizontalagoa balitz? Bertsolaritza elementu askok osatzen dute, eta batzuetan joera izaten dugu elementu horiek era isolatuan aztertzeko. Bertsolaria eta gai-jartzailea. Bertsolaria eta entzulea. Kantatzen dena eta kantatzen duen gorputza. Testua eta kantaera. Muga zurrunak ezarri ordez horiek lausotu eta bertsolaritza beste leku batetik biziko bagenu, ez ote genuke sorkuntzarako leku eta bide berririk aurkituko?

Urrutitik begiratu izan ditugun pieza horien arteko harremana beste modu batean lantzeko ahalegina da Gerturatu Eta Lau (GEL). Lau saiotan eta lau ardatzetan egituratu dugu proposamena: kantaera, entzuleen erabakimena, gorputzen arteko harremana eta bertsolarien erabakimena. Horiek dira landuko ditugun ardatzak.

Tangramaren paradoxak dio pieza berdinekin egitura berdinak eraikita ere, emaitza ezberdina izaten dela. Hari horretatik tiraka: oholtza gaineko botere harremanak berdin eraikitzen al dira kasu guztietan? "Bertso-maila" esaten diogun hori gauza bera al da ahots guztientzat? Praktikaren teoriatik edo, nahi bada, teoriaren praktikatik, saiakera bat egingo dugu, porrota ere arrakastatzat jota.

Sarrera doakoa da, baina izena eman behar da aurretik saio bakoitzari dagokion izen-emate orria beteta. Aukeratu gustukoena eta gorde zure lekua!

Gauzkaten Eztarri Lerratuak

Maiatzak 6, osteguna. Donostia
Larratxo Kultur Etxea. 18:30
Etxahun LekueHaizea Arana, Maddi Ane Txoperena eta Maialen Lujanbio
GORDE LEKUA, HEMEN!

Kantaera. Kantatzeko modua. Ahotsa melodiaz janzterakoan zein dira barruko arropatzat eta galakotzat izendatzeko irizpideak? Kantaeran, ahotsaz gain, zeresan handia dute tonuak, melodiak, posturak, kokalekuak, abiadurak, testuinguruak... Horiek denak indibidualki edota kolektiboki definitzen dira, konszienteki edo inkonszienteki bada ere. Zergatik dauka ariketa bakoitzak tonu eta melodia "egoki" bat? Zerk eta zergatik "funtzionatzen" du non? Kantaerak botere-harremanik eragiten al du? Posible al da bertsolaria "neutroa" izatea, bere kantaeratik aldentzea? Kantaera izan al liteke fisikoa? "Berezko" ezaugarritzat jotakoa agian ez da "berezkotutako" ezaugarria besterik eta zalantzan jartzeko ahalegina gutxienekoa da.

Gure Esku Legoke

Maiatzak 11, asteartea. Bilbo
Bilborock. 18:30
Eneko Lazkoz, Jone UriaMaider Arregi eta Oihana Iguaran
GORDE LEKUA, HEMEN!

Zenbat erabaki hartu behar dira saio batean? Ohiko saioetan nork erabakitzen du zer? Zer erabaki behar du gai-jartzaileak? Zer bertsolariek? Zer erabaki dezake entzuleak? Saio honetan, saio arruntetan gai-jartzailearen esku egoten diren hainbat erabaki hartu beharko ditu publikoak.

Gorputzak Esango Luke

Maiatzak 18, asteartea. Gasteiz
Baratza aretoa. 18:30
Ane Labaka, Aner Peritz eta Nerea Ibarzabal
GORDE LEKUA, HEMEN!

Bertso saio bat baloratzen dugunean, testua baloratzeko joera izaten dugu. Bertsoa ez da testu soila, ordea. Bertsoa testu hori botatzen duen ahotsa da, ahots hori proiektatzen duen gorputza, gorputz horri eragiten dioten oholtza gaineko (bertsolaria eta gai-jartzailea) eta oholtzapeko (entzuleak) gorputzak. Harreman-sare bihurri hori ere bada bertsoa. Elementu horiekin jolas egiteko proposamena da honako hau.

Gaur Edozertarako Libre

Maiatzak 25, asteartea. Zarautz
Modelo aretoa. 18:30
Amaia Iturriotz, Oihana Bartra eta Xabat Galletebeitia
GORDE LEKUA, HEMEN!

Bertsolariak erabaki dezake zer kantatu. Erabaki dezake gaiari nondik heldu eta unean-unean norantz jo. Baina oholtzan hartzen diren erabakien artean, denak ez ditu kantatuko dituenak hartzen: Egin dezake planto bertsolari batek? Erabaki dezake norekin kantatu? Bertsolariak saio batean dituen harremanak nola egituratzen diren bistaratu nahiko genuke. Zer dator aurrez erabakia? Nola eta noiz gertatzen dira oholtzako erabakiak? Zertan oinarritzen dira erabakiak? Zein leku du bertsolariaren aldarteak edo gogoak saioaren norabide aldaketan?