Bidaiak

Urrian "Bertsoa Sutan", otsailean "Uhinak" eta ekainean "Azken Bidaia" emanaldi bereziak antolatu ditugu.

2020ko udaberrian, oraindik ere zaleak elkartzeko aukerarik ez zela, online ikusteko eta entzuteko saioak eskaintzen hasi ginen; tartean ziren Bidaiak delakoak. Esperimentaziorako espazioa eskaini nahi zitzaien sortzaileei saio mota hauen bidez, eta udaberrian ez ezik, udaren ondotik ere izan dute jarraipena.

2020-10-17. Bertsoa Sutan

BERTSOA SUTAN emanaldia Hernaniko Chillida Lekun. Aitzol Zugasti eta Maialen Cano sukaldariek gastronomiari lotutako prozesu ezberdinen azalpenak eman zituzten, eta Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariek sukaldaritzari lotutako prozesu hauek bertsogintzara ekartzen saiatu ziren, Maite Berriozabal gai-jartzaileak lagunduta.

Otsailaren 26rako UHINAK bertso saioa antolatu zen Amasa-Villabonako Gurea aretoan, Tolosaldeko Ataria komunikabidearekin eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkargunearekin elkarlanean. Haiekin batera Bertsozale Elkarteak duen hitzarmenetik eratorritako irratsaioa da (H)ari Naizela, eta haren 200. atalaren ospakizuna tarteko antolatu zen saioa: Amets Arzallus, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran izan ziren bertsotan; Imanol Artola "Felix" aritu zen gaiak jartzen.

AZKEN BIDAIAri ekingo diogu ekainaren 19an. Izen hori du denok noiz edo noiz egin beharko dugun "bidaia"ren inguruko saioak: heriotzari buruzko emanaldia izango da. Andoni Egaña, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza ariko dira heriotzari bertsotan Azken Bidaia bertso saioan, eta Jon Sarasuak ere hartuko du parte. Donostiako San Telmo Museoan izango da, 18:00etatik aurrera. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.