Endika Legarrak irabazi du Jauntsaratseko saioa, eta osatu da txapelketarako sailkatuen zerrenda
Gaur jokatu da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren eta azken sailkatze saioa, Jauntsaratseko Apeztegiberriko ganbaran. Bertan, 55 lagunen aurrean aritu dira kantuan Enika Legarra Nuin, Amaia Elizagoien Varela, Kattin Madariaga Apaolaza, Bittori Elizalde Soto, Mintxo Astiz Goñi eta Fernando Ziganda Urdanpileta, Ander Aranburu Arriola gai-jartzaile zela. Horien artean, Endika Legarrak bildu du puntu gehien (263), eta hortaz, berak irabazi du saioa. Haren atzetik sailkatu dira Kattin Madariaga (255.5), Amaia Elizagoien (246.5), Fernando Zigando Urdanpileta (228), Bittori Elizalde (228) eta Mintxo Astiz (198).
Aurreko astean Iruñeko saioa irabazita Xabi Maiak egin bezala, beraz, Endika Legarrak ere zuzenean eskuratu du txapelketan aritzeko txartela. Bi horiekin batera, sailkatze fase osoko puntuazio onena lortu duten hurrengo lau bertsolariak ere sailkatu dira txapelketarako. Hauexek, hain zuzen: Kattin Madariaga, Amaia Elizagoien, Aitor Irastortza eta Jabi Lezaun. Horiek beste hemezortzi lagunekin batera ariko dira urriaren 4an abiatuko den txapelketan. Azaroaren 29an jokatuko da finala.
Basaburuko Udalaren laguntzarekin antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak gaurko saioa. Hiru epaile aritu dira bertsolarien lana neurtzen: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Joseba Beltza.
Horrela gelditu da sailkatze faseko sailkapena:
1. Endika Legarra Nuin - 263
2. Xabi Maia Etxeberria - 263
3. Kattin Madariaga Apaolaza - 255,5
4. Amaia Elizagioen Varela - 246,5
5. Aitor Irastortza Arrizubieta - 237
6. Jabi Lezaun Landa - 228,5
7. Fernando Ziganda Urdanpileta - 228
8. Bittori Elizalde Soto - 228
9. Mintxo Astiz Goñi - 198
10. Etxahun Azkarraga Fernandez - 195,5
11. Julen Bernaldo de Quirós Royo 'Berni' - 192
12. Peio Ardaiz Gale - 168,5