Nafarroa

Xabi Maiak irabazi du Iruñeko sailkatze saioa, eta zuzenean sailkatu da txapelketara

2025/05/23
20 bat lagunen aurrean jokatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen sailkatze saioa, Iruñeko Peña Rotxapean. Elizondoko bertsolariak irabazi du saioa, eta hortaz, zuzenean sailkatu da urrian hasiko den txapelketara. Besteak hurrengo asteko sailkatze saioaren zain egon beharko dira, sailkatzen diren ala ez jakiteko.

Urriaren 4an abiatuko da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta azaroaren 29an bukatu. Aldez aurretik, ordea, bi asailkatze saio jokatuko dira, azken edizioan parte hartu ez zuten zortzi bertsolarirekin, eta azken txapelketako azken lau sailkatuekin. Gaur jokatu da saio horietatik lehena, Iruñeko Arrotxapea auzoko Peña Rotxapean, 20 bat entzuleren aurrean. Kantuan, ondorengo sei bertsolariak izan dira: Aitor Irastortza Arrizurieta, Etxahun Azkarraga Fernández, Jabi Lezaun Landa, Julen Bernaldo de Quirós Royo 'Berni', Peio Ardaiz Gale eta Xabi Maia Etxeberria.

Horien artean, Xabi Maiak bildu du puntu gehien (263), eta ondorioz, berak irabazi du saioa. Haren atzetik sailkatu dira Aitor Irastortza (237), Jabi Lezaun (228,5), Etxahun Azkarraga (195,5), Julen Bernaldo de Quirós Royo (192) eta Peio Ardaiz (168,5). Alaitz Rekondok aurkeztu du saioa, eta hiru lagun aritu dira epaile lanetan: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Joseba Beltza.

Ondorioz, txapelketarako txartel zuzena eskuratu du Xabi Maiak; gainontzeko bertsolariek, aldiz, hurrengo asteko sailkatze saioa pasa bitarte itxaron beharko dute sailkatzen diren ala ez jakiteko. Hamabi bertsolarik hartuko dute parte sailkatze saioetan, eta horietatik sei sartuko dira txapelketan.

 

 

Xabi Maia, Iruñeko saioko irabazlea, kantuan.