Ahalduntze Bertso Eskola

2015-2016 ikasturtean egin zen lehendabizikoz. Konpromisoan, esperimentazioan eta aniztasunaren oinarrien gainean egiten da lanketa. Bertsolarientzako ez ezik, gai jartzaileentzako ere izango da eskola 2019-2020 ikasturtean.

Bertsolaritzarentzat emakumeak plazan izateak duen garrantziaz jabeturik, eta emakumeen jendaurreratzean ematen diren ezaugarri orokorrak kontuan hartuta, bertsolari bezala aurrera egin nahi duten emakumeentzat lagungarri izateko sortu zen Ahalduntze Bertso Eskola.

Eman izena 2019-2020 ikasturtean. Informazioa, hemen!

Aniztasunaren, konpromisoaren eta esperimentazioaren oinarrien gainean egiten da lanketa:

  • Aniztasuna. Adin, bertso maila, izaera, zein feminismoko ikuspegien arteko aniztasunari leku egitea. Horretarako, ahalegintzen gara zaintza talde dinamikaren oinarrian jartzen; zaintzaz ikasteko gune bat da.
  • Konpromisoa. Bertso eskolan parte hartzeko eskatzen den baldintza bakarra da; ikasturtean zehar saioetara etorri eta bat-batean jarduteko jarrera hartzea.
  • Esperimentazioa. Ikasteko gune bat da, etengabeko bilakaeran ari dena, mugimenduan. Metodologia ere egokitzen joaten gara.

2015-2016 ikasturtean egin zen lehendabizikoz eta geroztik ikasturtero egin da. Hilean behineko maiztasunarekin elkartzen da taldea, larunbat goizez, Amasa-Villabonako Subijana etxean (Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan).

2019-2020 ikasturtean, bertsolarientzako ez ezik, gai jartzaileentzako ere izango da Ahalduntze Bertso Eskola. Ainhoa Aranburu eta Maite Berriozabal izango dira gidari.

Irailaren 9tik (8:00etan hasita) 20ra eman ahal izango da izena webgune honetan bertan egokituko den izen-emate orria beteta, eta irailaren 27an emango da taldearen osaketaren berri.

Hemen duzu deskargatzeko moduan 2019-2020 ikasturteko programaren informazio orria.

Ahalduntze Bertso-Eskola collage

Ibilbidea

Egitasmo honen sorrera bertso munduko emakumeen bi topaketei esker bideratu zen: 2013an, Artaunsoroko topaketan, emakume bertsolariek oholtzan jarduteko zituzten zailtasunak bistaratu ziren, eta 2014an, Azkizuko topaketan, egoera horri erantzuteko lanketa gune bat sortzeko beharra azpimarratu zen. Hala, emakume bertsolarien plazaratzea sustatzeko asmoz, Bertsozale Elkartean erabaki zen ahalduntze prozesua bertsotan ere bultzatzea.

Halaxe sortu zen Ahalduntze Bertso Eskola: bat-batean egin nahi duten emakumeentzat, bertsolari bezala aurrera egiten laguntzeko. Espazio berri hori emakume bertsolarien parte hartzearekin diseinatu zen.

Lau edizioetan 26 bertsolarik hartu dute parte Ahalduntze Bertso Eskolan, eta gai jartzaile lanetan Ainhoa Aranburu eta Arkaitz Goikoetxea aritu dira. Bosgarren edizioan, 2019-2020 ikasturtean, pauso berri bat ematera goaz: plazarako trebatu nahi duten emakume gai jartzaileentzat ere eskainiko da Ahalduntze Bertso Eskola, eta Ainhoa Aranburu eta Maite Berriozabal ariko dira.