Gai-jartzaileentzako ikastaroa, otsailaren 6an

2021/01/25
Azpeitiko Dinamoa sormen gunean eskainiko da, eta aurrez aurre zein online jarraitzeko aukera izango da. Gai-jartzaileak "Ez da kasualitatea" saioetara begira prestatzea du helburu formazio saioak. Izen-ematea irekita dago otsailaren 2ra arte, azken egun hau barne.

Ahalduntze Bertso Eskolaren ikasturtea hasi zenean, iragarri genuen gai-jartzaileei zuzendutako formazio eskaintza ere izango zela laster; eta hemen da lehen ikastaldia. Otsailaren 6an, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean (Gipuzkoa), gai-jartzaileak Ez da kasualitatea saioetarako trebatzeko formazio saioa eskainiko da. Saio mota hauetan aritzeko prest dauden gai-jartzaile emakumeei egingo zaie gonbidapena.

10:00etan hasita goiz osoko saioa izango da, eta aurrez aurre zein online jarraitzeko aukera emango da. Amaia Agirrek gidatuko du saioa, eta saio mota honek dituen berezitasunak azalduko ditu. Izen-ematea irekita dago eta otsailaren 2ra arte eman ahal izango da, azken egun hau barne. Horretarako, webgune honetan bertan egokitu den izen-emate orria bete behar da, eta, besteak beste, ikastaldia nola egin nahi duzun zehaztu. Formazio saioa doakoa izango da.

Eman formazio saiorako izena, hemen

Euskal Herriko gai-jartzaileei begira dinamika komun bat martxan jartzea da asmoa, eta aurtengo ekintzei dagokienez, hauxe da lehen proposamena. Belaunaldi ezberdinetako eta herrialde osoko gai-jartzaileak elkartzeko ere baliatu nahi da.

Amaia Agirre izango da saioko gidaria.