Pizkunde berrirako Bertsozale Elkartearen ekarpena
Gaur eguerdian aurkeztu du Esnatu dinamika UEMAk, arlo askotariko 17 eragilerekin Orioko Arraunetxen. Oier Iurramendi Etxeberria Bertsozale Elkarteko koordinatzailea eta Ainhoa Urien Telletxe lehendakaritza taldeko kidea aurkezpenean izan dira AEK, Bankoa-Abanca, Cederna-Garalur, ELA, Euskadiko Futbol Federazioa, Euskaldendak Konfederazioa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskal Pilota Federazioa, Fagor taldea, Hekimen, lKA, Kutxabank, LAB, Laboral-Kutxa, Lanartea eta Plazaola Partzuergo Turistikoko ordezkariekin batera. UEMAk gaur aurkeztu duen ekimenak hasieratik jaso duen babes zabalaren erakusle da lehen 17 eragileen zerrenda.
UEMAko lehendakari Martin Aramendik azaldu ditu ekimenaren nondik norakoak eta abiapuntua datu soziolinguistikoen aurreikuspenean dago. Aramendiren hitzetan, Bertsozale Elkartea izan da, nolabait, ekimenaren aitzindaria: «UEMAren eskariz Siadecok egindako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria, 2036. Proiekzio demolinguistikoa ikerketak aurkeztu genuen iaz. Besteak beste, eremu euskaldunenaren gainbehera aurreikusten du ikerketak, arnasguneak ia desagertzeraino, eta horrek oihartzun handia izan zuen hedabideetan. Hura ikusita, eta ondorioekin oso kezkatuta, Bertsozale Elkarteak bilera eskatu zion UEMAri, eta egoerari buelta emateko udalerri euskaldunetan bere esku zegoen guztia egiteko prest agertu zen, hartu beharreko konpromisoak hartuta».
«Bertsozale Elkartetik euskararen lurgunea sendotzeko elkarlanean aritzeko prest geundela adierazi genien, bai», berretsi du Ainhoa Urien lehendakariak. «Izan ere, behin euskararen larrialdi egoera izendatuta eta datuak esku artean izanik, aurrera pauso bat eman eta horien esanahia irauliko duten konpromisoak hartzeko» garaia dela uste du . «Euskara indarberritzeko ekimenak martxan jarri, pizkunde berri batean gure ekarpena egin, eta arnasgune eta udalerri euskaldunetan euskal kulturak, eta zehazki bertsoak, presentzia izan dezan lagunduz».
Bertsozale Elkarteak hartutako konpromiso batzuk aipatzearren: UEMAko udalerri guztietako ikasleek Hezkuntza Arautuan bertsolaritzako eskolak jasotzea, beharraren araberako saioak edo formazioak eskaintzea UEMAko kide diren udalerrietan... Adibidez, Hezkuntza Arautuko bertsolaritza saioetan ikasleek lantzen duten guztiaren berri emateko mahai-inguru edo hitzaldiak bertsolaritza gertuko ez zaien familientzat, edota UEMAko udalerrietako euskal hiztunak ez diren familiei eta familia etorkinei zuzendutako bertsolaritzaren inguruko saio teoriko-praktikoak, batzuk soilik aipatzearren. Konpromiso horiek hartuko ditu Bertsozale Elkarteak, honela transmisioaren sokaren katebegi guztietan eragingo du: hezkuntza arautuan, hezkuntza ez arautuan eta plazetan.
Ondorengoa gehitu du Urienek: ««gure lekutik egin dezakegunaz hausnartzean baina, ez gara soilik arnasguneetara mugatu. Izan ere, arnasguneak ez diren herrietan ere jardutea giltzarri iruditzen zaigu; eremu oro delako garrantzitsu eta haietatik guztietatik eragitea gako euskararen biziberritzerako».
Baina Bertsozale Elkartea ez da konpromisoak hartu dituen eragile bakarra. Gaur Orioko Arraunetxen bildu diren guztiek, bakoitzak beretik, euskararen biziberritzerako konpromisoak hartu ditu. Aramendik azaldu duenez, «Bertsozale Elkartearekin lankidetzan egin genezakeen bidea aztertzen hasi ginenean, beste hainbat eragile ere prest zeudela ohartu ginen, euskarak behar duen pizkunde berriari ahal duten heinean ekarpena egiteko gogotsu baitaude bateko eta besteko talde, elkarte eta askotariko eragileak. Esnatu ala hil esan digute ikerlari, soziolinguista eta euskaltzale adituek, eta udalerri euskaldunok eta hainbat eragilek, dagokigun arduratik, argi dugu: esnatzea da gure hautua».
Ekimenaren nondik norakoa biltzen duen gunea ere sarean da gaurtik aurrera: uema.eus/esnatu helbidean ikus daiteke. Ekimena zer den, bat egin duten eragileak zein diren, hartu dituzten konpromisoak zer-nolakoak diren eta ekimenarekin bat egiteko bideak biltzen ditu webguneak, material osagarriarekin batera.
Esnatu dinamikari azaroan emango dio amaiera UEMAk, eta azaroaren 26an ezagutaraziko du ekimenarekin bat egin duten eragile guztien zerrenda, hartu dituzten konpromisoekin batera.