Otsailaren 16an hasiko du Eskolartekoak aurtengo bidea

2018/02/06
Lurralde bakoitzean lehen urratsak eginda, ekainaren 9an izango da Euskal Herriko Eskolarteko Bat-bateko Txapelketako finala Saran.

Hilabete honetan hasiko ditugu Eskolarteko Bat-bateko Txapelketako lehen saioak. Goiztiarrenak gipuzkoarrak izango dira; otsailaren 16an hasiko da egitasmoa Zestoan. Hala, ostiralero egingo dira Gipuzkoan kanporaketa saioak martxoaren 16ra arte, Oñatin, Orion, Ereñotzun eta Anoetan. Finala apirilaren 20an gauzatuko da Lasturren.

Bizkaian ere kanporaketa saioak egingo dira: apirilaren 19an egingo da lehena eta apirilaren 23tik 25era artean hurrengo hiru saioak. Euskal Herriko finalera sailkatuko diren bertsolariak maiatzaren 6an ezagutuko ditugu, Balmasedan egingo den finalean. Egun horretan egingo da idatzizko saioa ere.

Araban, Nafarroan eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan, saio bana egingo da: Apirilaren 20an egingo dute nafarrek Iruñean; maiatzaren 12an egingo da Arabakoa Legution; eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoari dagokionez, maiatzaren 19an izango da saioa Hazparnen. Bestalde, Araban bat-bateko bigarren saio bat egingo da gaztetxoenentzat: maiatzaren 26an Gasteizen haurrek bat-batean aritzeko aukera izango dute, idatzizko txapelketako saioarekin batera.

Horiek amaituta, lurralde bakoitzean sailkatutakoek parte hartuko dute Euskal Herriko Eskolarteko Bat-bateko Txapelketako finalean. Iazko tokia errepikatu eta Saran izango da ekainaren 9an. Finalera sailkatutakoek, besteak beste, Mintzola Ahozko Lantegiak beste erakunde eta elkarte batzuekin sustatutako Ahots Baten sormen egonaldian parte hartzeko tokia izango dute.

Bertsozale Elkarteak Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatzen du Eskolarteko Bat-bateko Txapelketa.

Bertso Eskolen Eguna

Zenbait lurraldetan Bertso Eskolen Eguna Eskolarteko finalarekin bat etorriko da. Hala izango da Bizkaiaren eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoaren kasuetan; Balmasedako eta Hazparneko hitzorduetan egingo dute ospakizuna. Gipuzkoan eta Nafarroan. aldiz, Eskolarteko finala apirilaren 20an egingo badute ere, Bertso Eskolen Egunak maiatzaren 6an egingo dituzte bi kasuetan; Tolosan izango da, esate baterako, Gipuzkoakoa. Araban, berriz, Bertsoa Bizi Gazte Eguna ospatzen da, espresuki Araban bertsolaritza gazteen artean sustatzeko egin ohi den egitasmoa. Legution gauzatuko den Eskolarteko bat-bateko finalarekin batera egingo da, maiatzaren 12an.

Informazio gehiago, hemen.

Iaz ere Saran egin zen Euskal Herriko Eskolarteko Bat-bateko Txapelketako finala. / XDZ