Mantso, baina badator plaza

2022/02/15
694 saio egin dira 2021ean, aurreko urtean baino ia 200 emanaldi gehiago. Bertso saio motari dagokionez, jaialdiak nabarmentzen dira batez ere, eta horrek bertsolarien parte-hartzean ere eragin du.

Urtarriletik abendura bitarteko plazaren bilakaerak izan du gorabeherarik 2021ean ere, gora egiteko joera handiagoa izan badu ere. Uztailera bitarte saio kopurua handitzen joan da, eta hurrengo hiru hilabete gorabeheratsuren ondotik, urrian berriro hasi da igotzen bertso saio kopurua.

Pandemia lehertu zen urtean baino ia 200 saio gehiago egin dira, 694; aldiz, pandemia aurretik egiten ziren 1.000 inguruko saio kopurutik urrun dago oraindik. Mantso, baina badator plaza.

 

Plazako bertso saioak (2021eko bilakaera osoa)

Jaialdi gehiago antolatu dira

Mahai bueltan egiten diren lagunarteko saioak edota kalean bertsolariak zalearekin erraz nahasten diren plaza libreak ez dira errekuperatu 2021ean; aitzitik, jaialdiak nabarmen igo dira pandemia aurreko urteetako bilakaerarekin alderatuz gero.

2020an sumatutako joerarekin bat egiten du, honenbestez, 2021ekoak: osasun neurriengatik antolatzeko zailagoak diren lagunarteko saioak eta plaza libreak ordezkatu dituela jaialdiak, alegia.

Halaber, aipatzekoa da bat-bateko emanaldi bereziek izan duten bilakaera. Bertsolaritza beste kultur adierazpide batzuekin uztartzen da saio mota hauetan edota gai jakin baten inguruan ardazten dira. Lehendik goranzko bidea hartua zuen fenomenoa zen bat-bateko bereziena, baina are nabarmenagoa izan da joera hori 2021ean. Bereziki, generoari eta feminismoari lotutako ekitaldiak nabarmendu dira; ezagunena eta gehien egin dena, Ez da kasualitatea.

Bertsolarien parte-hartzeari dagokionez

Saio gutxiago egin direnez, bertsolariek parte-hartze gutxiago izan dituztela pentsatzekoa da; ez da, ordea, bete-betean hala izan.

Lagunarteko eta libreko saioen aldean jaialdi gehiago egin dira, eta azken hauetan bertsolari gehiago aritzen dira kantuan: lagunarteko eta librekoetan bi bertsolari aritu ohi dira, eta 4-6 jaialdietan. Horrek saioen galeraren ondoriozko bertsolarien parte-hartzearen txikitzea orekatu du nolabait. Era berean, gizonezkoek gehiago kantatu ohi duten saio mota gutxiago antolatu dira, eta parekidetasun ikuspegia nabarmenagoa den saio mota gehiago; jaialdi eta bat-bateko bereziak, kasu. 2019an, emakumeen parte-hartzea %36koa zen, eta 2021ekoan, aldiz, %48ra igo da proportzio hori.

Ea zer dakarren 2022ak.

 

Bertso plazaren aurreko irakurketak erlazionatutako elementuetan eta Plaza Biziberritzen atalean.