Bidea urratzen jarraitzeko mugarria
Aurtengoa 40. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia izan da. Igandearekin egin da, Abadiñoko Txanporta Kultur Etxean, 10:30ean hasita. Oier Iurramendi koordintzaileak eman dio hasiera batzarrari eta bera izan da hitzartzeak harilkatu dituena. Lehendabizi hitza Sustrai Colinari pasa dio eta bizi dugun momentuaren inguruko irakurketa egin du, gure komunitatea ez dagoelako testuingurutik salbu.
40. urteurrena ez da soilik batzarraren aldia, baita txapelketarena ere. 2026an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa egingo da eta horren gainekoak azaldu ditu Ainhoa Urienek. Orduan ez ezik, saio guztian zehar egin zaio aipamena txapelketari, bereziki sustapenean eta komunikazioan; izan ere, herrialdez herrialde eta sailez sail egin da bidea.
Herrialdeek dagoeneko eginak dituzte batzarrak eta horietan azaldutakoaren titular nagusiak ekarri dituzte Batzar Nagusira. Zertzeladak zertzelada, egitasmoen indartzea, hezkuntza proiektuaren hazkundea eta errotzea, eta plazaren inguruko hausnarketak aipatu dira.
Herrialdeetako batzarrak
- Arabako Bertsozale Elkartearen batzarra
- Bertsularien Lagunaken batzarra
- Bizkaiko Bertsozale Elkartearen batzarra
- Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen batzarra
- Nafarroako Bertsozale Elkartearen batzarra
Memoria zein egitasmoa, onartuta
Herrialdeetako lehendakari eta eragileen ondotik, Euskal Herriko eragileek hartu dute hitza. Bertsozale Elkarteak hainbat esparrutan egiten du lan bertsolaritza transmititzeko eta geroratzeko: hezkuntzan, plazan eta ikerkuntzan, besteak beste. Alor horietan aritzeko ezinbesteko den edukia biltzen, antolatzen eta esku-eskura izaten laguntzen laguntzen du Xenpelar Dokumentazio zentroak, baita hedapena eta komunikazioak ere.
Horietaz guztietaz aritu dira: hezkuntzaz (formalaz zein aisialdiaz), ikerkuntzaz eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaz, sustapenaz (bertsogintzaz, plaza azterketaz, Lankuz), hedapenaz, komunikazioaz, publizitateaz eta finantzaz. 2025ean alor horietan egindako lanen errepasoaz gain, 2026ko ekimen eta erronkak ere aipatu dira. Guztiak onartu dira.
Elkartasun Kutxaren egitura eta Zuzendaritzaren osaera berrituta
Zenbakiak azaldu dira han eta hemen, baina zenbakien atzean ere badago kokapen filosofikoa. Izan ere, ekonomiaren kudeaketan ere islatzen dira Bertsozale Elkartean balioak eta egiteko moduak. Hala azaldu du Iurramendi koordintzaileak: «proiektu bateratua da gurea, eta finantzetara ere ekartzen ditugu balio hauek».
2011ean sortua da gaur egun arte gure ezinbesteko erraminta izan den Elkartasun Kutxa. Orduko Batzarrak hala onartuta, «erabaki ekonomikoak ikuspegi bateratuarekin hartzea» adostu zen. Orduko Elkartasun Kutxak amaitu du bere ibilbidea. Ibilbide honen irakurketa oso positiboa da, sorrera helburua ondo baino hobeto bete baitu bitarte honetan. Gaur aurkezten den Elkartasun Kutxak, helburu berberari erantzuten dio, oinarria ez da aldatu: «Bertsozale Elkartearen proiektuaren osotasunari oreka ekonomikoa ematea du helburu». Irizpidetze berri bat behar du, eta hori da aldatu dena, ez besterik.
Ez da, ordea, hausnartu den egitura bakarra. Elkartearen egituraren dimentsioaren eta konplexutasunaren aurrean, talde eredua indartu eta ahalik eta efikazen aritzeko, zuzendaritzaren antolaketa berri bat ere proposatu eta onartu da.
Elkarteak ere 40 urte
2027an beteko ditu Bertsozale Elkarteak 40 urte. Urteurrena atzera begiratzeko baliatzeaz gain, nondik gatozen ikustez harago, aurrera egiteko ere baliatu behar dugula azaldu du Urienek. Orainari begiratu eta orainetik eraiki nahi dugun etorkizunerako urratsak emateko. Aurten horretarako tartea hartuko dugula dio, hausnartzeko beste ospakizun hori antolatzeko. Bide hori komunitatearekin eskuz esku egin nahi dela gaineratu du, elkartearen funtsa baita komunitatea.
Eta honela, festa giroan eman zaio amaiera Batzar Nagusiari: luntxaren bueltan, hizketan jarraitu dute bertaratu diren lagunek.