Bertso Egunerako txartelak, salgai

2018/12/19
Urtarrilaren 26an izango da 2019ko Bertso Eguna, Barañainen. Bazkarirako txartelak eta arratsaldeko emanaldirako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude jada eskuragai.

[KASU, INFORMAZIO EGUNERATUA HEMEN SAKATUTA]

Donostiatik kanpo abiatu zuen bideari segika, berriro ere kokalekuz aldatuko da Bertso Eguna. Azkena Mungian egin zen, eta urtebete ibilian eginda Barañainera helduko da urtarrilaren 26an.

50. Bertso Eguna izango da datorren hau. Egun osoko egitaraua prestatu dugu eta, tartean, bazkaria eta bertso emanaldia izango dira. Horietarako txartelak eskuragai jarri dira www.bertsosarrerak.eus atarian; deskontua izango dute bai bazkideek zein gazteek arratsaldeko ekitaldirako sarreretan. Bazkaria Barañaingo udaletxearen aurrean atonduko den karpan izango da, 15:00etan; emanaldia, ostera, auditorioan 19:00etan. Han izango dira kantuan Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Galletebeitia bertsolariak. Bertso eskola izango da arratsaldeko emanaldiaren haria; Nerea Ibarzabal bertsolaria eta Aulki Jokoa saioan aurkezle ezagutu genuen Edurne Azkarate aritu dira prestaketa lanetan.

Erosi bazkarirako txartelak eta ekitaldirako sarrerak, hemen!

Goizean zehar ere izango da zer egina, noski. 11:00etan Enkarguz emanaldiaz gozatzeko aukera izango dugu Alaitz ikastetxean, Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutako Andoni Egañaren eta Xabi Zabalaren emanaldi berriaz; doakoa izango da. Eguerdian, poteoan ariko gara tabernaz taberna eta Euskal Herri osoko hamabi bertsolari ariko dira bidean kantari: Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa. Jarraian etorriko dira bazkaria eta arratsaldeko emanaldia, eta gauean ere izango da jaia nola luzatu.

Bertsozale Elkarteak, Barañaingo Udalak eta Barañaingo Bertso Eskolak antolatu dugu 2019ko Bertso Eguna.

Informazio gehiago, hemen.

Bertso Eskolen Egunak ere bat egingo du

Bertso Eguna urte hasieran ospatzen da eta udazken hasieran Bertso Eskolen Eguna. 2019an, ordea, biak elkarrekin ospatuko ditugu. Hala, aipatu bezala, bertso eskola izango du gai Bertso Eguneko emanaldiak.

Bestalde, Nafarroako Bertsozale Elkarteak urteroko batzarra egiteko baliatuko du hitzordua. Urtarrilaren 26an Barañainen egingo du, kultur etxean, 9:30ean.