Bertso Eguna

Bertsozale Elkarteak, Donostiako Udalarekin elkarlanean, urtero urtarrilaren amaieran antolatu izan du Bertso Eguna 2016 urtera arte. 2017an atseden hartu zuen, 2018an izaera ezberdinarekin itzultzeko.

Bertso Eguna 2018 - Kartela

47 ediziotan Bertso Eguna asko aldatu da, garai ezberdinak izan ditu: bertsolariak omentzen ziren hasiera batean, ondoren, 1995. urtetik, saio esperimentalak eta tematikoak landu dira eta, orain, beste etapa baten atarian aurkitzen da. Euskal Herri guztian eragin nahi luke Bertsozale Elkarteak, lurraldetasun irizpideari lehentasuna emanez, eta aurrerantzean, herriz herri, ibiltaria izango da ekitaldia. 

Urte hauetan guztietan Donostiako Udalarekin lankidetzan aritu da Bertsozale Elkartea eta biziki eskertu nahi du Donostiako Udalak Bertso Eguna gauzatzeko eskainitako laguntza zein hartu berri den erabakia ulertu eta pausoa emateko izandako eskuzabaltasuna. Plaza ederra da Donostiakoa eta aurrerantzean ere bertsolaritzaz gozatzeko aukera dezente izango ditu bertsozaleak Donostian. 

2018ko Bertso Eguna, Mungian

Arnasaldi bat hartu zuen 2017an Bertso Egunak eta 2018an Mungian ospatuko da. Urtarrilaren 27an izango da hitzordua: goizean, mahai-inguru musikatua izango da; eguerdian, bazkaria eskainiko da; eta, arratsaldean, emanaldi nagusia. Xehetasun gehiagorako, sartu hemen.