Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Xabat Illarregik irabazi du Nafarroako bertsolari gazteen txapelketa

2018/04/23
Ostiralean jokatu zen Iruñean Nafarroako bertsolari gazteen txapelketako 32. edizioa. Hamaika ziren parte-hartzaileak eta Xabat Illarregi leitzarrak eraman zuen txapela. Bigarren postua Ekhiñe Zapiain beratarrak eskuratu zuen eta biak sailkatu dira ekainaren 9an Saran egingo den Euskal Herriko Eskolartekorako. Entzuleen saria, berriz, Ekain Alegre altsasuarrak eraman zuen.

Guztiz bete zen Iruñeko Maravillas gaztetxeko aretoa Nafarroako bertsolari gazteen txapelketako 32. edizioa ikusteko. Hamaika izan ziren taulara igo ziren bertsolariak: Idurre Villanueva, Zuhara Zaratiegi, Amaia Lasheras, Enma Murillo, Beñat Astiz, Xabat Illarregi, Etxahun Azkarraga, Ekhiñe Zapiain, Iratxe Muxika, Uxue Mesa eta Ekain Alegre.

Horietatik lau lortu zuten bigarren fasera sailkatzea: Uxue Mesa, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Xabat Illarregi. Azken bi hauek jokatu zuten buruz burukoa eta azkenean Illarregirentzat izan zen lehenengo postua. Asier Garcia izan zen saioko aurkezlea eta Saioa Alkaizak, Mikel Beumontek eta Arkaitz Goikoetxeak egin zituzten epaile lanak.

 Xabat

Leitzarrak Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidentearen eskutik jaso zuen txapela. Beste sari bat ere izan zen Nafarroako bertsolari gazteen txapelketan, entzuleen saria. Bertsolarien jarrera, ahalegina, umorea eta bestelako baloreak eskertu nahi zituen sari hau Ekain Alegre altsasuarrentzat izan zen.

Nafarroan lehenengo bi postuak eskuratuta, Xabat illarregi eta Ekhiñe Zapiain ekainaren 9an Saran jokatuko den Euskal Herriko eskolartekoaren finalean izango dira.

 

 

Parte-hartzaileak, ostiraleko saioaren ostean.