Nafarroako Bertsozale Elkartea

Twitter Facebook

Nafarroa

Xabat Illarregik irabazi du 2019ko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

2019/04/05
Arantzako eskolan jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 33. edizioa, aretoa goraino bete duten ehundik gora entzuleren aurrean. Hamabost bertsolarik hartu dute parte, eta Leitzako Xabat Illarregik jantzi du txapela, iaz egin bezala. Bigarren postua Berako EKhine Zapiainek eskuratu du, eta biak sailkatu dira ekainaren 8an Saran egingo den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako. Entzuleen saria, berriz, Etxalarko Etxahun Azkarragak eraman du.

Lepo bete da Arantzako eskolako aretoa, ehundik gora entzulerekin, 2019ko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa bertatik bertara jarraitzeko. Hamabost izan dira bertsolari parte hartzaileak: Amaia Lasheras (Barañain), Ane Telletxea (Lesaka), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Ekain Alegre (Altsasu), Ekhiñe Zapiain (Bera), Enma Murillo (Barañain), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Idurre Villanueva (Barañain), Iratxe Muxika (Lesaka), Lide Arrieta (Iruñea), Olatz Bados (Altsasu), Uxue Mesa (Lesaka), Xabat Illarregi (Leitza) eta Zuhara Zaratiegi (Barañain). Josu Sanjurjok izan du saioa aurkeztu eta gaiak jartzeko ardura. Saioa Mitxelena, Amaia Telletxea eta Julen Zelaieta aritu dira epaile lanetan.

Gai orokorrari bertso bat, lau oinak emanda beste bat eta hitz bana emanda beste bertso bat kantatu ostean, lau bertsolari pasa dira bigarren fasera: Ekain Alegre, Ekhine Zapiain, Iratxe Muxika eta Xabat Illarregi. Bigarren fase honetan, zortziko txikian eta koplatan aritu dira lau bertsolariak, eta bi sailkatu dira buruz burukora, Ekhine Zapiain eta Xabat Illarregi, hain zuzen ere.

Puntuari erantzun eta bakarkako gai bati kantatu behar izan diote bi bertsolariek azken fase honetan, kartzelako ariketan. Azkenean, Xabat Illarregik bildu du puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Bigarren aldiz jantzi du txapela Illarregik, iaz ere hala egin baizuen. Berak eta txapeldunordeak, Ekhine Zapiainek, ordezkatuko dute Nafarroa ekainaren 2an Saran (Lapurdi) egingo den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. 

Leitzarrak Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren eskutik jaso du txapela. Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, entzuleen saria. Bertsolarien jarrera, ahalegina, umorea eta bestelako baloreak eskertu nahi izan dituen sari hau Etxalarko Etxahun Azkarragarentzat izan da.

 

Nafarroako Eskolarteko Txapelketako hamabost parte hartzaileak, Arantzako saioa bukatu berritan.