Urriaren 4an abiatuko eta azaroaren 29an amaituko da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa
48. aldia izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketa antolatzen dela. Kulturari, bereziki euskaraz egiten denari, eta euskarari ekarpen mamitsua egiten dio txapelketak: euskal kulturaz gozatzeko topaleku bihurtzen da. 2025an ere horrela izatea espero da.
30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin sailkapen saioak igarota, 24 izanen dira Auritzen abiatuko den ibilbidean. Lehen fasean lau saio izango dira: Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen. Azken horretan lehen aldiz izango da txapelketa saioa. Saio horietan kantatzen dutenetatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Fase horretan hiru saio izango dira (Agoitzen, Leitzan eta Tafallan) eta horietako zortzi bertsolari izango dira finalera sailkatzen direnak.
Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, beste horrenbeste udalerritan. Izan ere, Nafarroako Bertsozale Elkarteak bere egitasmoa eta bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzeko apustuan urrats berri bat emango du aurtengo txapelketarekin.
Zortzi saio, hainbat udalerritan
- Urriak 4, Auritz - Auritzeko Kultur Etxea
- Urriak 11, Mutiloa – Arangurengo Kultur Etxea
- Urriak 18, Irurita – Gizarte Bilgunea
- Urriak 26, Los Arcos – Kultur Etxea
- Azaroak 1, Agoitz – Agoitzeko Kultur Etxea
- Azaroak 8, Leitza – Leitzako Herri Aretoa
- Azaroak 16, Tafalla – Tafallako Kulturgunea
- Azaroak 29, Iruñea – Nafarroako Arena
Finala Nafarroa Arenan izango da lehendabizikoz. Bertsolaritza Nafarroan izaten ari den gorakadaren ondorioz, saltoa egitea erabaki dugu. Gainera, urtez urte txapelketak kalitate hobea eskaintzen du eta geroz eta ikusle gehiago hurbiltzen da. Horregatik emango dugu urrats kualitatibo eta kuantitatibo hau.
Zortzi bertsolarien artean puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Hor erabakiko da 2025eko txapelduna.
Eta bide hori egiteko prest agertu diren eta sailkatu diren bertsolarien artean, ordezkaritza anitza osatzen dute. Kattin Madariagak lehen aldiz hartuko du txapelketan, baina berarekin arituko dira urte luzez txapelketan aritutakoak ere. Aurten, gainera, hiru txapeldun ariko dira: Julen Zelaieta, Julio Soto eta Saioa Alkaiza.
Bi hilabete irauten ditu txapelketak, baina urte osoko lanaren isla bada zortzi saioen antolakuntza eta emaitza. Fruituak ere ematen ditu, saioro ekarpena egiten baitzaio euskal kulturgintzari. Txapelketa, beraz, transmisiorako giltzarri da; baina ez da elkarteak duten giltza bakarra, urte osoan hezkuntzaren arloan egiten den lana ere ezinbestekoa da, esaterako.
Udazkena mugitua dator, baina zuhaitzetatik erortzen diren hosto idorrez gain, bertsolaritzak loreak ere ekarriko dizkigu urte amaiera aldean. Lehendabizi Bizkaiak ekingo dio txapelketari, eta atzetik etorriko gara gu, urriaren 4an, Nafarroa bertsolaritzaz loratzeko asmoz!