Nafarroa

Topaketa egingo dute Nafarroako eta Xilabako Bertso Eskoletako gazteek, Donezteben

2018/10/31
Bigarrenez, asteburu pasan elkartuko dira Nafarroa eta Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nafarroako 14 eta 18 urte bitarteko bertsolari gazteak, Donezteben, azaroaren 17an eta 18an. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du egonaldia, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin. Guztira, 28 gaztek hartuko dute parte.

2016ko esperientziaren bideari helduta, bigarrenez elkartuko dira asteburu pasan Nafarroako eta Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nafarroako Bertso Eskoletako gazteak. Doneztebeko Aterpetxean eginen da egonaldia, azaroaren 17an eta 18an. Guztira, Pirinioaren bi aldeetako 28 bertsolari gazte bilduko dira herri horretan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du egonaldia, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin. Nafarroako Bertsozale Elkarteko zein Bertsularien Lagunak elkarteko irakasleak izango dira topaketetan arduradun, eta haiek egongo dira gazteekin, egonaldiak iraun bitartean.

Topaketak eremu ezberdinetako gazteen arteko harremana sustatzea du helburu, euskara eta bertsoa baliatuz tresna gisara, eta gozamena oinarrian jarriz. Horretarako, bertsogintzaz harago, giza eta sormen garapenarekin harremana duten ekitaldiak izango dira egitarauan. Hauxe da, hain justu, topaketak barnebilduko duena:

Larunbata, azaroak 17
10:30. Doneztebera iritsi, eta motxilak utzi.
10:35. Doneztebetik Legasara abiatu.
11:00. Legasan, Legarreako simarainoko ibilbidea.
12:30. Simara iritsi eta 1936an han gertatutakoa kontatu.  
13:00. Simatik Legasara itzuli.
14:00. Bazkaria Legasan
15:30. Tirolina jolasak BKZ-n (Narbarten).
17:30. Narbartetik Donezteberuntz abiatu.
18:15. Doneztebera iritsi, gelak banatu, merendatu, dutxatu eta tarte lasai bat bertsolarien solasaldia prestatzeko.
19:45. Uxue Alberdi eta Sustrai Colina bertsolariei harrera eta solasaldia.
21:00. Afaria
22:00. Bertsolarien saioa.

Igandea, azaroak 18
08:30. Gosaria eta motxilak prest utzi.
09:45. Clown tailerra, Itziar Saenz de Ojerren eskutik.
11:45. Atsedena.
12:30. “Sexijentziak askatuz!” antzezlana, Itziar Saenz de Ojerren eskutik.
13:15. Agurra.
13:30. Autobusak/taxiak martxan.

Izen ematea doakoa da, eta antolakuntza arduratuko da garraioaz eta otordu gehienetaz. Parte hartzaileek, hori bai, lehen egunerako bazkaria (ogitarteko bat), mendirako arropa, clown tailerrerako arropa erosoa eta txanoa eta lo zakua (gomendatua) eraman beharko dute. Urriaren 31tik azaroaren 9ra bitartean eman ahalko da izena, nafarroa@bertsozale.eus helbidean, 948143747 telefonora deituta eta Bertso Eskolako irakaslearen bitartez. Azpiegitura kontuengatik, mugatuak dira tokiak, eta Bertso Eskoletako partaideek izango dute lehentasuna. Gainerako tokiak, izena eman ahala joango dira betetzen.

 

2016an egin zen lehen aldiz Nafarroako eta Xilabako gazteen arteko topaketa, eta bi urte beranduago errepikatuko da.