Nafarroa

Sakanako Bertso Eguna maiatzaren 16an Irurtzunen

2026/03/10
Maiatzaren 16an Sakanako bertsolari gazte eta bertsozaleen hitzordu garrantzitsuenetako bat izango da: Sakanako Bertso Eguna. Egunean zehar haur, gaztetxo eta helduentzako egitarau zabala prestatu dute Irurtzunen, bertsoaren bueltan elkartu eta giroaz gozatzeko.

Goizean goizetik hasiko dira haurrentzako ekintzak. 11:30ean ezagutza jolasak egingo dituzte plazan, eta jarraian, 12:00etan, Scape Room-a izango da Atakondoa Ikastetxean. 13:00etan Sakanako gaztetxoen eskolarteko saioa egingo da, eta 14:30ean haurren bazkaria izango dute: entsalada, makarroiak eta postrea.

Arratsaldean ere ez da bertso giroa faltako. 18:15ean bertso poteo-kalejira egingo dute, eta 19:30ean merendola izango da Pikuxar Elkartean.

Helduentzat ere prestatu dute egitaraua. 13:00etan gaztetxoen eskolarteko saioa entzuteko aukera izango da, eta 14:00etan bermuta egingo da Irurtzungo eskolako fanfarrearekin. Ondoren, 15:00etan bertso bazkaria izango da, eta bazkalostean bertsotan ariko dira Ekhiñe Zapiain eta Xabat Illarregi.

Arratsaldeko bertso poteo-kalejira 18:15ean hasiko da, eta bertan kantuan ariko dira Julio Soto, Kattin Madariaga eta Eneko Lazkoz. Eguna borobiltzeko, 20:00etan DJ Boletus Rumberus ariko da musikarekin.

Egunean zehar joan-etorriak errazteko autobusa ere antolatu dute. 10:30ean abiatuko da Altsasutik, 10:40ean Etxarri Aranatzen egingo du geldialdia, 10:45ean Lakuntzako autobus geltokian eta 11:05ean iritsiko da Irurtzunera. Itzulera 20:15ean izango da Irurtzundik; ondoren geldialdiak egingo ditu Lakuntzan (20:30), Etxarri Aranatzen (20:35) eta 20:45ean iritsiko da Altsasura.

2025eko Sakanako Bertso Eguna