Nafarroa

Saats Karasatorrek irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako kanporaketa

2016/12/18
Lepo zegoen Iruñeko Katakraken jokatu zen ostiralean Nafarroako Bertsolari Txapelketako kanporaketa saioa. Bertan txapelketan lehen aldiz izena eman duten bertsolariek hartu zuten parte eta Saats Karasatorrek eskuratu zuen lehen postua. Harekin batera, Joanes Illarregi, Joana Ziganda eta Sahats Aleman sailkatu dira otsailean hasiko diren Nafarroako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako.

140 bertsozalek bete zuten ostiralean Iruñeko Katakrak aretoa Nafarroako Bertsolari Txapelketako kanporaketa saioa bertatik bertara ikusteko. Zortzi izan ziren taulara igo ziren bertsolariak -azken orduko arazo batengatik Mintxo Astizek ezin izan zuen saioan parte hartu-; denek lehen aldiz txapelketan izena emandakoak. Jokoan final laurdenetarako lau postu zituzten.

Saats Karasatorre etxarriarrak lortu zituen puntu gehien eta hortaz lehenengo postua eskuratu. Haren atzetik Joanes Illarregi leitzarra, Joana Ziganda oskoztarra eta Sahats Aleman artikarra sailkatu ziren. Honenbestez, lau bertsolari horiekin osatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako final laurdenak.

Saioan kantatu zuten beste lau bertsolariek, ordea, ez zuten plazarik lortu: Ander Baiano, Ainara Ieregi, Aitor Irastortza eta Luis Mari Larreta.

35 bertsolarik eman dute izena Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta kanporaketaren ostean 30 izango dira final-laurdenetan. Final laurdenak otsailaren 18an hasiko dira eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa apirilaren 8an amaituko da. Nafarroako Bertsozale Elkarteak otsaila hasieran emango ditu Txapelketaren inguruko gainerako xehetasunak.

Bertsozaleek lepo bete zuten Katakrak aretoa.