Nafarroa

Saats Karasatorrek irabazi du Etxauriko saioa, eta osatu da txapelketarako sailkatuen zerrenda

2023/06/02
50 lagunen aurrean jokatu da bigarren aurrekanporaketa, Etxauriko udaletxeko ganbaran. Bertan, Saats Karasatorrek bildu du puntu gehien, eta hortaz, zuzenean sailkatu da txapelketara, pasa den astean Urko Gartziak egin bezala. Haiekin batera, puntuazioaren arabera, beste bost bertsolari ere sailkatu dira.

Gaur jokatu da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren eta azken aurrekanporaketa, Etxauriko udaletxeko ganbaran. Bertan, 50 lagunen aurrean aritu dira kantuan Saats Karasatorre Martinez, Ainara Ieregi Aranburu, Aitor Irastortza Arrizubieta, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien, Bittori Elizalde Soto eta Eki Mateorena Zozaia, Ander Aranburu Arriola gai-jartzaile zela. Horien artean, Saats Karasatorrek bildu du puntu gehien (255,5), eta hortaz, berak irabazi du saioa. Haren atzetik sailkatu dira Eki Mateorena (244), Aitor Irastortza (238), Egoitz Gorosterrazu (228,5), Bittori Elizalde (220) eta Ainara Ieregi (216,5).

Aurreko astean Larraungo saioa irabazita Urko Gartziak egin bezala, beraz, Saats Karasatorrek ere zuzenean eskuratu du txapelketan aritzeko txartela. Bi horiekin batera, aurrekanporaketa fase osoko puntuazio onena lortu duten hurrengo bost bertsolariak ere sailkatu dira txapelketarako. Hauexek, hain zuzen: Beñat Astiz, Eki Mateorena, Aitor Irastortza, Fernando Ziganda eta Egoitz Gorosterrazu. Horiek beste hamazazpi lagunekin batera ariko dira urriaren 7an abiatuko den txapelketan. Abenduaren 2an jokatuko da finala.

Etxauriko Udalaren laguntzarekin antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak gaurko saioa. Lau epaile aritu dira bertsolarien lana neurtzen: Aimar Sagastibeltza, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Joseba Beltza.

Horrela gelditu da aurrekanporaketa faseko sailkapena:

1. Saats Karasatorre Martinez - 255,5
2. Urko Gartzia Aleman - 246
3. Beñat Astiz Isasi - 244,5
4. Eki Mateorena Zozaia - 244
5. Aitor Irastortza Arrizubieta - 238
6. Fernando Ziganda Urdanpilleta - 235
7. Egoitz Gorosterrazu Elizagoien - 228,5
8. Bittori Elizalde Soto - 220
9. Ainara Ieregi Aranburu - 216,5
10. Mintxo Astiz Goñi - 195,5
11. Peio Ardaiz Gale - 185
12. Etxahun Azkarraga Fernandez - 175,5

Saats Karasatorre, saioko irabazlea, azken agurra kantatzen