Nafarroa

Otsailaren 3an abiatuko da 2026ko Bertsoaroa Iruñean

2026/01/23
Aurten ere, negu betean ospatuko da 2026ko Bertsoaroa; hain justu, otsailaren 3an hasi eta martxoaren 12ra bitarte luzatuko da eskaintza. Zazpi emanaldi izango dira guztira aurten, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolatuta.

Abiatzear da Bertsoaroaren 35. edizioa. Otsailaren 3an abiatuko da zikloa, eta martxoaren 12ra arte luzatuko da. Tartean, zazpi emanaldi izango dira guztira, Iruñeko hainbat tokitan barreiatuta.

Izan ohi den moduan, Bertsoaroak unean uneko bertsolaritzaren berri, kalitatez eta aniztasunez ematea du helburu. Programazioaren baitan, ‘Bertso Trama’rekin emango diogu hasiera aurtengo zikloari, ohiko moduan bi bertso jaialdi izango dira, eta aurtengoan “Itzali eta piztu” bertso saio elektronikoa eta “Hezur Berriak” bertso saio literarioa izango ditugu. Iaz ere gozatu genuen “Bertso jasa bat-bateko jolasa” haurrentzako tailerra ere izango dugu, eta, aurreko edizioetako arrakastari jarraipena emanez, bertso afariarekin itxiko dugu Bertsoaroa. Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek. 

Kondestable Civivoxean, Katakraken, Antzerki Eskolan zein Salestarren Zentro Komunitarioan egingo diren lau emanaldiek sarrera librea izango dute, lekuak bete arte. “Bertso jasa” tailerrerako izena eman beharko da aurrez, eta Herriko Tabernan ospatuko den bertso afariarako bertsozale.eus webgunean erosi beharko dira sarrerak (otsailaren 28tik aurrera), 25 euroan. 

Zazpi emanaldi guztira

Bertsoaroaren 35. aldia, Bertso tramarekin hasiko da aurtengoan. Patxi Bueno arduratuko da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira herrialde ezberdinetako sei betsolari gazteak. Otsailaren 3an izango da saioa, Kondestable Civivoxean 19:00etan.

Otsailak 5 izango dugu bigarren saioa, bertso jaialdia izango da hau. Ohikoa den bezala, lehen mailako sei bertsolarik hartuko dute parte. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da saioa 19:00etan. Saioren hasiera, 19:00ean, Iruñeko VI. Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa egingo da, ekitaldi xume batean.

Otsailren 12an, “Itzali eta Piztu” Bertso saio elektronikoa izango dugu. Honetan, Aner Peritz eta Manex Pagola musikarien eskutik musika elektronikoa eta batbateko bertsolaritza uztartuko dira. Ainhoa Larretxeak jarritako gaiei jarraiki, bi diziplina orain arte bereiziak modu malgu eta librean pentsatzen, gorpuzten eta interpretatzen arituko dira hiru bertsolariak. LABAn izango da 19:00etan.

Otsailaren 19an izango da bigarren bertso jaialdia. Ibilaldi luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute oholtzaren gainean izango diren puntako bertsolariek. Hau Txantreako Salestarren Zentro Komunitarioan izango da 19:00etan hasita.

Otsailaren 26an, Katakraken, Ane Labakaren ‘Hezur Berriak’ liburua abiapuntu hartuta sortutako bertso saio literarioa izango dugu, 19:00etan. Amatasunaren ertzez, anbibalentziez, kargez eta esanezinez dihardu liburua, beraz, aukera bat izan nahi du ama diren bertsolariekin batera hori dena oholtzaratzen saiatzeko. Saio honetan poema hautatuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak tartekatuko dira.

Ostiralean, otsailak 27ean, Iturramako Civivoxean, Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa bertso-saioa eskainiko da 17:00etan. Haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioak dira hauek. Haurrak jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako tailerra da, eta izen-ematea ezinbestekoa da, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita edo 948143747 telefonora deituta, otsailaren 26a baina lehen.

Aurten ere, laugarrenez, ezinbesteko moduan emango diogu amaiera Bertsoaroari: bertso afariarekin. Heriko Tabernan izango da 21:00etan. Sarrerak www.bertsozale.eus webgunean erosi daitezke, 25 euroan, eta bertan kontsultatu daiteke menua ere.

 

Pello Fagoaga 'Pikulari' diseinatzaile erratzuarrak diseinatu du 2026ko Bertsoaroaren irudia.