Nafarroa

Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna ospatuko da igandean Amaiurren

2016/05/13
Nafarroako herri anitzetako ia 90 gaztek parte hartuko dute egun osoko egitaraua izango duen topaketan.

Urtero bezala, ikasturte amaierarekin batera Nafarroako gazteen Bertso Eskolek beren eguna ospatuko dute. Maiatzaren 15ean Amaiurren egingo den festa honek, 10-16 urte bitarteko ikasleak bilduko ditu, goiz eta arratsaldeko egitarau baten bueltan.

11:30ean hasita, ezagutza jolasekin ongi etorria gauzatuko da. Ondoren, Mikel Altzuarten eskutik, Amaiurko monolitora bisita gidatua eginen dute gaztetxoek eta segidan, goizeko tarteari amaiera emateko, Amaiurko eskolan Nafarroako Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo da. Arratsaldean berriz, bat-bateko saiotxo bat antolatuko da ikasleekin eta bertsogintzarekin lotutako jolasek itxiko dute egitaraua.

Klaseko jarduna osatzeko helburuarekin eta ikasleen elkar-ezagutza handitzeko xedez egiten den ekimena da honakoa.

Gaur egun,18 urtetik beherako 228 ikaslek lantzen dute bertsolaritza eskola orduz kanpo. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.