Nafarroako Bertsozale Elkartea

Twitter Facebook

Nafarroa

Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna, igandean Ultzaman

2019/05/21
Urtero bezala, Nafarroako gazteen Bertso Eskolek beren eguna ospatuko dute aurtengoan ere. Oraingoan, Ultzaman egingo dute festa, heldu den igandean, maiatzak 26. Nafarroa osoko 9 eta 16 urte bitarteko 140 gaztek egingo dute bat egun osoko ospakizunean.

Ikasturte amaierarekin batera etorri ohi da Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna. Aurtengoak ere badu data dagoneko: heldu den igandean (maiatzak 26) ospatuko da, Ultzaman. Nafarroako eskualde ugaritako 140 gazte eta hamar bat irakasle elkartuko dira bertan. 9 eta 16 urte bitarteko gazteak dira, Iruñerriko, Baztango, Bortzirietako, Larraungo, Leitzaldeko, Malerrekako eta Sakanako Bertso Eskola ezberdinetan dabiltzanak. Egun osoko egitaraua izango dute zain.

Goizeko 11:00etan ekingo diote egunari, Orgiko basora bisita eginez. Interes ekologiko handiko baso ezagun honetan paseoa eman eta ezagutza jolasak egingo dituzte ondoren, haien arteko harremanak sustatze aldera. Eguraldiak laguntzen badu, ibilaldia egingo dute ostean Larraintzar herriraino, eta han bazkalduko dute. Bazkalostean, azken hilabeteetan izan den Bertsopaper Lehiaketaren sariak banatuko dituzte. Ondoren, eta egunari bukaera emateko, bertso saioa izango dute, gazteak eurak protagonista direla.

Bertso Eskolen Egunak, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen beste hainbat jarduera bezalaxe -Negulekuak, topaketak...- Bertso Eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremana bultzatu eta elkar ezagutza sustatzeko helburua du. Modu horretan, aisialdiari garrantzia berezia eman nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak, transmisioko beste bi erpinetan (Hezkuntza Arautuko egitasmoa eta Bertso Eskolak) egiten den lana osatzeko balio duela ulertuta.

Egun, 18 urtetik beherako 300 ikasletik gora aritzen dira Nafarroako haur eta gazteen Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritza lantzen, 39 taldetan. Horretarako, dozena bat lagunez osatutako irakasle sare zabal eta prestua du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.

 

 

Iaz Leitzan egin zen Bertso Eskolen Eguna, arrakasta handiz.