Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Nafarroako gazteen bertso eskolen eguna egingo da igandean Leitzan

2018/05/03
Nafarroako gazteen bertso eskolek urteroko hitzordua izango dute igandean Leitzan. 9 eta 15 urte bitarteko 110 ikaslek hartuko dute parte egun osoz luzatuko den egitarauan. Gaur egun 18 urtez beherako 350 gazte ari dira bertsolaritza lantzen Nafarroako 40 bertso eskolatan.

Urtero bezala, ikasturte amaierarekin batera Nafarroako gazteen bertso eskolek bere eguna ospatuko dute. Maiatzaren 6an, igandean, izango dute hitzordua, Leitzan. Egun osoz, 9 eta 15 urte bitarteko ikasleak bilduko ditu egunak, goiz eta arratsaldeko egitarau baten bueltan.

110 ikaslek hartuko dute parte aurtengo Nafarroako gazteen bertso eskolen egunean. Iruñea, Barañain, Atarrabia, Orkoien, Baztan/Bidasoa, Leitzaldea, Larraun eta Sakanako bertso eskoletako ikasleak dira parte hartuko duten gaztetxoak.

11:30ean izango da hitzordua Leitzako zinema zaharrean, eta orduan emango diote ikasleek hasiera egitarauari, ezagutza jolasekin. Ondoren, gaztetxoen bertso saioa eta Bertsopaperen Lehiaketako sari emate ekitaldia izango dira. Bazkal ostean, berriz, Peru Harrira bisita gidatua izango dute. Arratsaldeko 17:00etan hartuko dute gaztetxoek etxerako bidea.

Klaseko jarduna osatzeko helburuarekin eta ikasleen arteko elkar ezagutza handitu eta harremanak sendotzeko xedez egiten den ekimena da honakoa.

Gaur egun, 18 urtetik beherako 350 ikaslek lantzen dute bertsolaritza eskola orduz kanpo, Nafarroa osoko 40 bertso eskolatan, 10 irakasleren jardunari esker. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.

Iaz Irurtzunen elkartu ziren Nafarroako bertso eskoletako gazteak.