Nafarroa

Nafarroako Bertso Eskolen eguna, ekainaren 1ean Iruñeko Txantrea auzoan

2025/05/07
Nafarroako gazteen Bertso Eskolek haien eguna ospatuko dute ekainaren 1ean, Txantrean. Nafarroa osoko 9 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute bertan.

Ikasturte amaierarekin batera etorri ohi da Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna. Aurtengoak ere badu data dagoeneko: ekainaren 1ean ospatuko da, Iruñeko Txantrea auzoan. Nafarroako Bertso Eskolen sareko 9 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzenduriko jarduera da Bertso Eskolen Eguna.

Goizean elkar ezagutzeko jolasak egin ondoren gaztetxoek 14 urte arteko txapelketa jokatuko dute Salestarren txokoan. Ondoren, elkarrekin bazkaldu eta une goxo bat pasatzeko aukera izanen dute. Arratsaldean, Gure ahots bideo motz bideo lehiaketaren baitan sortutako bideoak ikusiko dituzte eta sari banaketa egingo da. Azkenik, Iruñeko Alde Zaharrean barrena itzuli bat eginen dute etxera joan aurretik. 

Bertso Eskolen egunean izena emateko hurrengo galdetegia bete beharko da, maiatzaren 23a baino lehenago (galdetegian jaso dira jardueraren inguruko oharrak).

 

Aisialdia, transmisioaren osagarri

Bertso Eskolen Egunak, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen beste hainbat jarduerak bezalaxe -Negulekuak, topaketak...- Bertso Eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremana bultzatu eta elkar ezagutza sustatzeko helburua du. Modu horretan, aisialdiari garrantzia berezia eman nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak, transmisioko beste bi erpinetan (Hezkuntza Arautuko egitasmoan eta Bertso Eskoletan) egiten den lana osatzeko balio duela ulertuta.

Egun, 18 urtetik beherako 150 ikasle inguru aritzen dira Nafarroako haur eta gazteen Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritza lantzen, 28 taldetan. Horretarako, irakasle sare zabal eta prestua du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.

2024an Leitzan ospatutako Bertso Eskolen Eguna