Nafarroa

Lehendakari aldaketa berretsi du Nafarroako Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusiak

2023/02/27
Larunbatean egin zen NBEren Batzar Nagusia, Iruñeko egoitzan. Bertaratuek aho batez onartu zituzten 2022ko kontuak eta 2023rako egitasmoa zein aurrekontua. Gainera, elkartearen lehendakaritzan aldaketa eman da: aurrerantzean Nerea Bruño izango da NBEren lehendakari, Alaitz Rekondori lekukoa hartuta.

Pasa den larunbatean egin zen Nafarroako Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia, Iruñeko Arrotxapea auzoko egoitzan. 15 bat bazkide elkartu ziren bertan, itxi berri den urtearen errepasoa egin eta urte berrirako asmoak partekatzeko helburuz. 2022an zehar gauzatutako egitasmoen berri eman ostean, aho batez onartu zen urteko kontuen itxiera, bai eta 2023rako aurreikusitako egitasmo eta aurrekontua ere. Gainera, urteko egutegia errepasatu zen bilkuran, eta tartea egon zen Nafarroako bertsolaritzarekin eta elkartearen proiektuarekin lotura zuzena duten hainbat gairi buruz eztabaidatzeko.

Gainera, lehendakaritzan erreleboa emateko baliatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak larunbateko batzarra. Alaitz Rekondo Ferrerok hamabi urte eman ditu lehendakaritzan, eta adierazia zuen zikloari bukaera emateko asmoa. Haren lekukoa Nerea Bruño Artazkozek hartuko du aurrerantzean; 1978an Atarrabian jaioa, gertutik ezagutu du azken 30 urteetako Nafarroako bertso mundua, Bertso Eskolako kide, bertsolari, antolatzaile, bertso irakasle, eta azken urteetan, batez ere, epaile gisara aritu da. Nafarroako Bertsozale Elkarteko zuzendaritzakidea ere bazen aurretik.

Mila esker beraz Alaitzi, urteetako lana eta ekarpenagatik, eta ongi etorria Nereari!

 

Alaitz Rekondo eta Nerea Bruño, larunbateko batzarrean.