Nafarroako Bertsozale Elkartea

Twitter Facebook

Nafarroa

Jon Barberena bertsolaria hil da

2019/09/12
Hamar aldiz hartu zuen parte Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta horietako bitan (2007an eta 2008an) izan zen txapeldunorde. Hainbat taldekako txapelketa eta sariketatan ere aritu zen, eta haietako zenbait irabazi zituen. Literaturan ere egin zuen bide oparoa.

Gaur goizaldean hil da Jon Barberena Ibarra (Elizondo, 1979) bertsolari eta idazlea. Kirol Hezkuntzan diplomatua eta Kultura eta Gizarte Antropologiako lizentziaduna zen, eta Bergarako UNEDeren Idazle Eskolako graduondoa ere egina zuen. Ogibidez, euskara irakasle ziharduen.

2004an hartu zuen parte lehen aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Ordutik aurrerako edizio guztietan aritu zen, 2015era arte. Horietako bitan, 2007 eta 2008an, txapeldunorde izan zen, Xabier Silveira eta Julen Zelaietaren atzetik, hurrenez hurren.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2013. Iturria: XDZ / Alberto Elosegi

Nafarroako bestelako sariketa eta taldekako txapelketetan ere luze ibili zen. Xalto Sariketako txapeldun izan zen 2003an, eta hurrengo urtean, 2004an, irabazi zuen Izeta Sariketa ere bai. 2014an, Bardoak Nafarroako taldekako bertso txapelketan txapeldun atera zen, Baztango taldearekin batera. Baztango Bertso Eskolako kide ere bazen.

Bertso paper idazle oparoa ere izan zen, eta hainbatetan lortu zituen sariak Iruñeko Egile Berrientzako literatur lehiaketan. Poesian ere aritu zen, arrakastaz: 2006an “Iruñea Hiria” Nazioarteko Poesia Sariketa irabazi zuen, eta 2018an eskuratu zuen Lauaxeta Olerki Sariketa.

Iturria: Bertsolari aldizkaria