Nafarroa

Izeta sariketako finala jokatuko da ostiralean Elizondon

2016/11/17
Alazne Untxalo, Iker Gorosterrazu, Joanes Illarregi eta Patxi Castillo bertsolari gazteek jokatuko dute ostiralean Elizondoko Kortarixar jatetxean Izeta sariketako zazpigarren edizioko finala. Saioak bertso-afari formatua izanen du eta txartelak ostegun arte egonen dira salgai, 15 euroan.

Pasa den ostiralean Barañainen egin zen kanporaketa lortu zuten finalerako txartela Alazne Untxalo eta Iker Gorosterrazu iturendarrek, Joanes Illarregi leitzarrak eta Patxi Castillo beratarrak. Hamar bertsolari aritu ziren bertan eta haiek izan ziren puntuaziorik onenak eskuratu zituztenak. Hortaz, finalean lau bertsolari gazte horiek kantatuko dute Fernando Anbustegik aurkeztuko duen saioan.

Elizondoko finalean bertsolariek honako lan hauek egin beharko dituzte:

  • 8ko handian binaka gaia emanda hiruna bertso
  • 8ko txikian binaka ofizioka hiruna bertso
  • Lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian
  • Gaia emanda kopletan, hiruna kopla osatu arte
  • Bakarka gai bati, bina bertso

Elizondoko Kortarixar jatetxean jokatuko da Izeta sariketako finala. 21:00etan afaria izanen da eta afalostean finalari ekinen diote. Finalerako txartelak salgai dira Elizondoko Fantxike dendan, 15 euroan afaria eta saioa. Nafarroako Bertsozale Elkartean ere txartelak erreserbatzeko aukera bada, nafarroa@bertsozale.eus helbide elektronikoan. Txartelak ostegun arte egonen dira salgai.

Zazpigarren edizioa

Izeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz; aurten zazpigarren edizioa jokatuko da. Sei edizio hauetan, Nafarroako bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe, Iruritako Iñaki Aleman, Aurizko Aimar Karrika eta Antsoaingo Saioa Alkaiza izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi duten bertsolariak. Nafarroako Bertsozale Elkartea da Izeta sariketaren antolatzailea, Baztango udalaren laguntzaz. Orain dela zazpi urte sortu zen Baztango Bertso Eskolak ere laguntza eman du antolaketa lanetan.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia, Nafarroako bertsolari gazte edo hasiberriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.

Mariano Izetaren omenez

Sariketa honek Mariano Izeta zenaren izena hartzen du. Horrela, herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertu nahi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Mariano Izeta 1915. urtean jaio zen, Elizondon, eta herri berean hil zen 2001. urtean.

Lanbidez erloju-konpontzailea zen, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bere zaletasunik handienetakoa bertsolaritza izan zen. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.

Joanes Illarregi eta Iker Gorosterrazu, Barañaingo kanporaketan.