Nafarroa

Ireki da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan izena emateko epea

2023/04/01
Apirilaren 1tik 16ra bitarte izanen da zabalik izen-ematea, 2005an edo aurretik jaiotako Nafarroako bertsolarientzat. Maiatza-ekaina bitartean jokatuko da aurre-sailkatze fasea; txapelketa bera, urritik abendura bitarte.

Ireki da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan izena emateko epea. Gaur hasi eta hilaren 16ra bitarte izanen da zabalik, eta ondorengo formularioa beteta bideratu beharko da izen ematea.

2005ean edo lehenago jaiotako bertsolariek eman ahalko dute izena (hots, 18 urte dauzkatenak edo 2023an zehar beteko dituztenak). Nafarroan jaiotako bertsolariak izan beharko dira, edota txapelketa jokatzen den urtean bizilekua Nafarroan dutenak. Gainera, Bertsozale Elkarteko kide izatea ere eskatuko zaie. Horiez gain, bestelako berezitasun eta arau guztiak ongi jasota daude txapelketaren araudian. Parte hartzeak arau horiek onartzea dakar.

Maiatzean eta ekainean jokatuko dira aurre-sailkatze saioak, azken txapelketan, 2021ekoan, parte hartu ez zuten bertsolariekin -eta, araudian jaso bezala, saioak osatzeko beharko balitz, azken txapelketako azken sailkatuekin-. Txapelketa bera, urriaren 7an abiatuko da, eta abenduaren 2an bukatu. 46. txapelketa izango da aurtengoa; azkenekoan, 2021ekoan, Saioa Alkaizak jantzi zuen Nafarroako txapela.

Azken txapelketako finaleko irudi bat, 2021eko azaroaren 28an, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.