Nafarroako Bertsozale Elkartea

Twitter Facebook

Nafarroa

Ireki da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan izena emateko epea

2021/04/19
Apirilaren 19tik maiatzaren 2ra bitarte izanen da zabalik izen-ematea, 2003an edo aurretik jaiotako Nafarroako bertsolarientzat. Gauzak ongi, urria eta azaroan zehar jokatuko da txapelketa, pandemiak atzeratua.

Ireki da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan izena emateko epea. Gaur hasi eta maiatzaren 2ra bitarte izanen da zabalik, eta ondorengo formularioa beteta bideratu beharko da izen ematea.

2003an edo lehenago jaiotako bertsolariek eman ahalko dute izena (hots, 18 urte dauzkatenak edo 2021ean zehar beteko dituztenak). Nafarroan jaiotako bertsolariak izan beharko dira, edota txapelketa jokatzen den urtean bizilekua Nafarroan dutenak. Gainera, Bertsozale Elkarteko kide izatea ere eskatuko zaie. Horiez gain, bestelako berezitasun eta arau guztiak ongi jasota daude txapelketaren araudian. Parte hartzeak arau horiek onartzea dakar.

2021eko urtarrilan zen egitekoa Nafarroako Bertsolari Txapelketa, baina pandemiaren ondorioz atzeratzea erabaki zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Gauzak ongi, 2021eko urria eta azaroa bitartean jokatuko da, beti ere orduko osasun egoerak horretarako aukera ematen badu. 2019an jokatu zen azken txapelketa, eta Julio Soto izan zen orduan txapeldun.

2019ko finaleko irudi bat, Anaitasuna kiroldegian.