Nafarroako Bertsozale Elkartea

Twitter Facebook

Nafarroa

Ireki da 2020ko Bardoetarako izen ematea

2019/10/21
Nafarroako taldekako bertso egitasmoaren bosgarren edizioa izango da heldu den urtekoa. Beste behin ere, herrialdeko helduen Bertso Eskolen sarea aktibatzea eta bertso komunitatea indartzea izango dira xede nagusiak. Azaroaren 4ra arte eman daiteke izena.

2020ko otsaila eta martxoa bitartean jokatuko da Bardoak, Nafarroako taldekako bertso egitasmoa, oraindik zehazteke dauden data eta tokietan. Bosgarren edizioa izango da heldu den urtekoa, eta aldaketak aldaketa, orain arteko oinarriari eutsiko dio, norbanakoen gainetik taldeari protagonismoa emanez. Modu horretan, helduen Bertso Eskolen sarean eragin nahi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, taldeen arteko harremanak bultzatuz, bertso mugimenduko kide ezberdinak aktibatuz eta plaza berrietara iritsiz. Era berean, bertsoaren alderdi ludikoena azpimarratu nahi da, txapelketaren formatuari eutsiz, baina kutsu informaleko saioak antolatuz.

EMAN IZENA HEMEN

Taldea izango da oinarria, eta talde bakoitzak hartuko ditu bere gain dagozkion antolakuntza lanak. Lehen fasean, ohiko gisan, bi saiotan ariko da talde bakoitza, bata etxean eta bestea kanpoan. Taldeek webgune honen bidez eman beharko dute izena, azaroaren 4a baino lehenago. Taldeak osatzerakoan, ondorengo irizpideak jarraitu beharko dituzte:

 

  • Gutxienez bost kidez osatutako taldeak izango dira: hiru bertsolari, aurkezle bat eta antolatzaile bat. Dena dela, antolatzaileak gehiago ere izatea gomendatzen da, etxeko saioko antolakuntza lanei behar bezala aurre egin ahal izateko.
  • Bertsolarien mailak heterogeneoa izan behar du. Ahal dela, ezingo dute inoiz Nafarroako Bertsolari Txapelketan finalista izandako batek baino gehiagok talde berdinean egon, eta egongo balira, saio berean ez kantatzea gomendatuko da. Era berean, azken urteetan bertsotan hasi den bertsolariren bat ere egotea aholkatzen da.
  • Taldeak ahalik eta anitzenak izatea gomendatuko da, bai adinez, generoz, bertso mailaz...
  • Ahal dela, aurreko edizioko taldea bere osotasunean ez errepikatzen ahalegindu beharko dira taldeak.
  • 2005a baino lehengo jaiotakoek parte hartu ahalko dute.

 

Talderik ez izan arren bakarka izena eman nahi duenak horretarako aukera izango du, nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatziz. Talde antolatzaileak proposatuko du pertsona horiek ze taldetan sartu, edo talde berriak egingo ditu. Talde antolatzaileak, izan ere, eskumena izango du taldeen osaketan aldaketak proposatzeko.

Behin izen ematea bukatuta jakinaraziko dira talde bakoitzaren betebeharrak, bai eta txapelketaren egiturarekin, multzoekin, datekin eta ariketekin lotutako informazioak ere.

2018ko Bardoen finala, Lekunberrin.