Nafarroa

Irati Majuelok eta Alazne Untxalok irabazi dute Bertsokabiko azken kanporaketa, eta osatu da finala

2019/10/18
Mendillorriko Antzaran jokatu da saioa, eta han izan dira kantuan, irabazleez gain, Endika Legarrak eta Joanes Illarregik eta Etxahun Azkarragak eta Patxi Castillok osatutako bikoteak. Giro bikainean egin da saioa, 50 entzule ingururen aurrean. Irabazleak heldu den osteguneko finalerako sailkatu dira. Haiekin batera ariko dira Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, eta Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo.

Mendillorriko Antzara gune komunitarioan jokatu zen atzo II. BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketaren hirugarren eta azken kanporaketa.  Hiru bikote eta sei bertsolari izan ziren taula gainean: Irati Majuelo eta Alazne Untxalo, Endika Legarra eta Joanes Illarregi eta Etxahun Azkarraga eta Patxi Castillo. Gai-jartzaile eta aurkezle zereginak, berriz, Itsaso Agirrek bete zituen.  Publikoko bost pertsonek izan zuten bertsolarien jarduna epaitzeko ardura, eta haiekin batera, Nerea Bruño eta Mikel Beaumont ere aritu ziren epaile lanetan. Lan puntuagarriak behin bukatuta, Irati Majuelo eta Alazne Untxalok osatutako bikotea izendatu zuten saioko irabazle. Modu horretan, urriaren 24an Iruñeko Herriko Tabernan jokatuko den finalerako txartela eskuratu dute. Haiekin batera izango dira finalean Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, eta Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo.

Bikoteka banatu zituzten atzoko saioan zehar egin beharreko lanak. Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu ziren sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz. Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu zituzten Alazne Untxalok, Joanes Illarregik eta Patxi Castillok. ‘Bat, bi, hiru’ jokoaren tartean, ipuinetako pertsonaiak, euskal aktoreak eta Frantziako hiriak zerrendatzen ibili ziren puntuka hiru bikoteak, hurrenez hurren.

Jolas horren ostean iritsi zen bakarkako ariketa, Irati Majuelok, Endika Legarrak eta Etxahun Azkarragak bete zutena, oinak emanda habanera bana osatuz. Horren ostean, saioari bukaera emateko, koplaka aritu ziren hiru bikoteak, egoera emanda. Bukaeran, behin publikoaren eta epaileen iritziak bilduta, jakinarazi zuen aurkezleak saioko bikote irabazlea.

Finala, heldu den ostegunean
Hiru kanporaketak igarota, finala baino ez da falta aurtengo sariketari amaiera emateko. Heldu den astean izango da hori, ostegunean (urriak 24), 18:30ean Iruñeko Herriko Tabernan. Hiru kanporaketetan sailkatutako hiru bikoteak izango dira han kantuan, txapela nork irabazi. Maialen Belarra ariko da gai-jartzaile, eta publikoarekin batera, Joseba Beltza eta Nerea Bruñok egingo dituzte epaile lanak.
Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Alazne Untxalo eta Irati Majuelo, hasierako agurrean.