Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Ia 2.600 ikaslek landuko dute aurten bertsolaritza Nafarroako ikastetxeetan

2017/11/22
Guztira, 2.586 ikasle izango ditu 'Bertsolaritza Irakaskuntzan' egitasmoak, Nafarroa osoko 39 udalerritako 58 ikastetxetan. Bertso Eskolak, bestalde, 46 izango dira osotara; 301 ikasle ariko dira bertan, bertsoa lantzen.

Koska bat egin du gora hezkuntza arautuan bertsolaritza jasoko duten ikasleen kopuruak. 2017-2018 ikastetxean, guztira, 2.586 ikasle ariko dira Nafarroako ikastetxeetan bertsoa lantzen, iazko ikasturtean baino 157 gehiago. Guztira, Nafarroa osoko 39 udalerritako 58 ikastetxetan ariko dira, zazpi irakaslerekin. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren artean garatutako 'Bertsolaritza Irakaskuntzan' programarena da emaitza.

Eskolak emateko Mundu bat bertso ikasmateriala darabil, besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkarteak azken bi ikasturteotan. Sekuentzia didaktikoak, gaztetxoei zuzendutako bertso sortak, jolasak, teknikari buruzko azalpenak eta beste hainbat material biltzen ditu. Liburuko ilustrazioak Mirari Sagarzazuk eginak dira, eta Unai Iturriagaren eta Patxi Gallegoren komikiak ere badakartza. Diseinua eta argitalpena Lankuk egin du. Gainera, bertso sortak musikatu egin dira Oskar Estangaren laguntzarekin, eta pantaila baliatuz abesteko egokitu dira. Doinutegia ere badakar ikasmaterialak, baita plazatako bat-bateko bertsoaldi hautatuen bideoak ere.

Bertso eskolak, 50 inguru

Martxan dira honezkero ere Nafarroako Bertso Eskolak. Aurten, guztira, 46 talde izango dira martxan, herrialdeko hogei udalerritan. Horietatik, hamasei dira helduen bertso eskolak, eta gaztetxo eta gazteenak gainerakoak. Ohi bezala, hasiberrientzako eta eskarmentu gehiago dutenendako bertso eskolak eskaintzen dira, norberaren mailara egokituta.

Ikasturte honetan Iruñeko Auzoeneako heldu hasiberrien bertso eskola, Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko hasiberrien bertso eskola eta Arrotxapeako gazteen bertso eskola jarri dira martxan, gainerakoen zerrendara gehituz. Baztango heldu hasiberrien bertso eskolak, gainera, aurki abiatuko du bere bidea.

Zure inguruan zer bertso eskola dagoen jakin nahi baduzu, edota zure eremuan bertso eskola berri bat martxan jarri nahiko bazenu, jar zaitez kontaktuan Nafarroako Bertsozale Elkartearekin, nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatziz edo 948143747 telefonora deituz.

Iaz baino sei ikastetxe gehiagotan emango da aurten 'Bertsolaritza irakaskuntzan' programa.