Nafarroako Bertsozale Elkartea

Twitter Facebook

Nafarroa

Hamabi bertsolari gaztek hartuko dute parte VIII. Izeta Sariketan

2018/11/12
Ostiralean jokatuko dira gazte sariketaren bi kanporaketak, Irurtzunen eta Lizarran. Hiru bertsolari sailkatuko dira saio bakoitzetik, eta horiek jokatuko dute finala, azaroaren 23an, Elizondon.

16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako hamabi bertsolarik hartuko dute parte ostiralean abiatuko den Mariano Izeta Sariketan. Bi kanporaketa izango dira heldu den ostiralean, azaroaren 16an, Irurtzunen eta Lizarran. Ordu berean jokatuko dira bi kanporaketak, eta gai berdinei erantzun beharko diete bertsolariek. Saio bakoitzetik hiru bertsolari sailkatuko dira, eta horiek izango dira azaroaren 23an finala jokatuko dutenak, Elizondon. Hor erabakiko da sariketaren zortzigarren edizioko txapelduna. Hauek dira hitzorduak:

Kanporaketa. Azaroak 16, 20:00etan Irurtzungo Pikuxar Elkartean (doan)

  • Mikel Lasarte (Barañain)
  • Amaia Elizagoien (Oronoz Mugaire)
  • Saats Karasatorre (Etxarri Aranatz)
  • Idoia Granizo (Altsasu)
  • Patxi Castillo (Bera)
  • Aitor Irastortza (Azpirotz)

    Gai-jartzailea: Zigor Gartzia

 

Kanporaketa. Azaroak 16, 20:00etan Lizarrako La Bota Peñan (doan)

  • Sarai Robles (Barañain)
  • Endika Legarra (Iruñea)
  • Xabat Illarregi (Leitza)
  • Irati Majuelo (Iruñea)
  • Egoitz Gorosterrazu (Ituren)
  • Josu Sanjurjo (Lesaka)

    Gai-jartzailea: Maialen Kamino

 

Finala. Azaroak 23, 19:30ean Elizondoko Arizkunenean (doan)

  • Irurtzungo lehen sailkatua
  • Lizarrako lehen sailkatua
  • Irurtzungo bigarren sailkatua
  • Lizarrako bigarren sailkatua
  • Irurtzungo hirugarren sailkatua
  • Lizarrako hirugarren sailkatua

    Gai-jartzailea: Maialen Belarra

 

Kanporaketetan, honako lanak egin beharko dituzte bertsolari parte hartzaileek:

•    8ko handian binaka gaia emanda hiruna bertso
•    8ko txikian binaka gaia emanda hiruna bertso
•    Bina puntu erantzun
•    Emandako hitzari bertso bana

 

Zortzigarrenez, Izeta gogoan

Nafarroako Bertsozale Elkartea eta Baztango Udala dira Mariano Izeta Sariketaren antolatzaileak, eta Baztango Bertso Eskola ere aritzen da finala antolatzeko lanean. 2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza eta Joanes Illarregi.

Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.

Izeta Sariketak, garai batean jokatzen zen Xalto Sariketa edo iaz abiatutako Bertsokabi Sariketa bezalaxe, Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.