Nafarroako Bertsozale Elkartea

Twitter Facebook

Nafarroa

Giro ederrean eta mamitsu joan da Nafarroako bertso munduko emakumeen lehen topaketa

2019/11/18
Lesakan izan zen topaketa, atzo. Adin eta herri ezberdinetako hogei emakume inguru bildu ziren bertan, bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta Bertso Eskoletako ikasleak, besteak beste. Gogoetak, sentsazioak eta esperientziak partekatzea zen helburua, egungo egoeraren diagnostiko gisara.

Nafarroako Bertsozale Elkarteko Feminismo Batzordeak bultzatuta, herrialdeko bertso munduko emakumeen lehenengo topaketa ospatu zen atzo, azaroak 17, Lesakako Arrano Elkartean. Bertan izan ziren Nafarroa osoko hogei bat emakume, betsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta Bertso Eskoletako ikasleak, besteak beste. Nafarroako bertsolaritzaren ekosistema osatzen duten emakumeak elkartu eta sentsazio eta esperientziak partekatzea zen topaketaren asmoa, berdintasunaren alorrean aurrerantzean hartu beharreko neurriak zehazteko diagnostiko gisara.

Harrera eta aurkezpenak behin eginda, Gure genealogiak: Nafarroako bertsolaritzako emakumeen* mapa osa dezagun! dinamikari ekin zioten parte hartzaileek, denen artean osatuz, modu grafikoan, Nafarroako bertsolaritzaren bilakaera, emakumeen presentzia eta ekarpena oinarri hartuta.

Horren ostean, Kontrako eztarritik liburuan jasotako testigantzak eta gogoetak azaldu zituen Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak. Oinarri hori baliatu zuten parte hartzaileek gaia Nafarroara ekarri, eta herrialdeko egoera propioa aztertu eta iritziak partekatzeko. 

Bazkari eder batekin eman zioten bukaera gogoeta egunari, eta kanturako ere baliatu zuten bazkalostea. Lehen topaketa honen giro ederra nabarmendu zuten parte hartzaileek, bai eta hizketa gaiaren mamia ere. Gainera, aurrerantzean berriro biltzeko asmoa agertu zuten.

Nafarroako bertso munduko emakumeen lehen topaketako parte hartzaileak, atzo.