Nafarroa

Ekhi Rojok, Beñat Astizek eta Saioa Alkaizak irabazi dituzte Iruñeko Bertsopaper Lehiaketako sari nagusiak

2020/10/29
Guztira, 24 lan aurkeztu dituzte sariketaren lehen edizioan, eta horietatik zortzik jaso dute sariren bat. Arkaitz Goikoetxeak, Nerea Bruñok eta Sustrai Colinak osatu dute epaimahaia, Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatuta.

Ebatzi berri da Iruñeko I. Bertsopaper Lehiaketa. Pasa den ekainean jarri zen martxan, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatua, bertsopaperen sorkuntza bultzatzeko, eta adierazpenari toki nabarmenagoa emateko asmoz -orain arte, Iruñeko Egile Berrien Lehiaketako modalitateetako bat zen bertsopaperena-. Lehen edizioan, 24 lan aurkeztu dituzte lehiaketara (bi, A kategorian; bost, B kategorian, eta hamazazpi, C kategorian). Horietatik, kategoria bakoitzeko sari nagusiak irabazi dituzte Ekhi Rojo Rodriguezek, Beñat Astiz Isasik eta Saioa Alkaiza Guallarrek.

A kategorian 2007an edo ondoren jaiotakoek parte har zezaketen. Ekhi Rojok 150 euroko kultura-bonua irabazi du, eta Ibai Letona Garaikoetxeak bigarren saria, 100 euroko kultura-bonua. Ekhi Rojok Garai arraro hauetan lana aurkeztu zuen, pandemiak eguneroko bizitzan eragin dituen aldaketei buruzko bertso-sorta.

B kategorian, 2003 eta 2006 artean jaiotakoei zuzenduta (biak barne), Beñat Astiz Isasik lortu du lehen saria, eta Bittori Elizalde Sotok bigarren eta hirugarrena. Kasu honetan, lehen saria 350 euro da; bigarrena, 200 euro, eta hirugarrena, 150 euro. A kategorian bezala, egile bakoitzak gehienez ere hiru lan aurkezten ahal zituen. Beñat Astizen Pieza akatsduna lana saritua izan da bertso-sorta "sinesgarri eta bikaina" izateagatik, eta epaimahaiaren hitzetan “gaia ongi jorratu” duelako.

C kategoria 2002an edo lehenago jaiotakoei zuzentzen zaie. Lehen saria 1.500 eurokoa da; bigarrena, 1.000 eurokoa, eta hirugarrena, 500 eurokoa. Saioa Alkaiza Guallar, Erika Lagoma Pombar eta Eneko Fernandez Maritxalar izan dira irabazleak, hurrenez hurren. Alkaizaren Hiru pena mota lanak lehen saria jaso du, “hiru istorio aurkezten dituelako egitura ausart eta original baten bidez, zeinetan aipagarria baita hainbat gai modu oso sinesgarrian jorratzeko gaitasuna”.

Epaimahaia Nafarroako Bertsozale Elkarteak izendatu du, eta bertan aritu dira Nerea Bruño, Arkaitz Goikoetxea eta Sustrai Colina. Sari-banaketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen duten Bertsoaroa zikloaren lehen jaialdian egingo da, azaroaren 5ean, Nafarroako Antzerki Eskolan.