Nafarroa

Ekainaren 20an ospatuko da Bardo Eguna, Leitzan

2026/05/19
Nafarroako helduen Bertso Eskoletako kideak elkartzea eta sarea trinkotzea izango du helburu egunak. Taldekako bertso txapelketa bat izango du funtsean egitarauak, taberna girokoa, eta otorduez lagundua.

2012an estreinatu zenetik, bi urtean behin ospatu da Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa, banakako txapelketarekin txandaka. Zazpi edizio egin dira ordutik, tarteko 2022an opatutako Bardo Eguna, eta ehundaka parte hartzaile pasa dira bertatik: bertsolariak, gai-jartzaileak, laguntzaileak... Aurtengoan Bardo Eguna ospatuko dugu, 2022ko egun haren moldeari jarraituz. Egun bakarrean bada ere, Bardoen izpirituari eutsi nahi izan dio elkarteak: hain zuzen ere, helduen Bertso Eskolak saretzea izango du helburu Bardo Egunak. Ekainaren 20an ospatuko da, Leitzan, arratsaldez.

Bertso Eskoletako partaideen arteko harremanak bultzatu nahian, egunean bertan osatuko dira taldeak, eskola ezberdinetako bertsolariak nahastuz. 

Bi saio jokatuko dira, bata besteren atzetik, Leitzako bi tabernatan. Horietako bakoitzean nagusitzen den taldea zuzenean sailkatuko da finalera. Afalostean jokatuko da finala.

Izen-ematea, webgunean

Bertsolari edo gai-jartzaile gisara hartu liteke parte taldekako txapelketan, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik ondorengo formularioan izena ematea, maiatzaren 31 baino lehenago. Saio guztiak irekiak dira, bai eta afaria ere, baina azken honetarako ere aldez aurretik izena eman beharko da, aurrerago zabalduko dugu honetarako aukera. 

Egun bakarreko egitasmo gisara antolatuko da aurten Bardoak.