Nafarroako Bertsozale Elkartea

Twitter Facebook

Nafarroa

Ekainaren 18, 19 eta 20an jokatuko dira 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako aurrekanporaketak

2021/06/03
18 bertsolarik hartuko dute parte Igantzin, Garesen eta Iruritan egingo diren hiru saioetan. Horietatik, hamabik lortuko dute urriaren 2an abiatuko den txapelketan parte hartzeko txartela.

Urriaren 2an abiatuko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, azaroaren 27ra bitarte luzatuko dena. Horren aurretik, ordea, hiru aurrekanporaketa saio jokatuko dira ekainean, txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda osatzeko. Ekainaren 18an Igantzin, 19an Garesen eta 20an Iruritan jokatuko dira hiru saio horiek, eta 18 bertsolarik hartuko dute parte guztira.

Txapelketako araudiaren arabera, azken ekitaldian -2019koan- parte hartu zuten bertsolariek bakarrik dute bermatuta txapelketarako txartela. Sekula parte hartu ez dutenek, edota 2019koa baino lehenagoko edizioren batean parte hartutakoek, aurrekanporaketa fasea jokatu beharko dute, txapelketara sailkatzeko. Saioak osatzeko, azken txapelketako azken lau sailkatuak ere batu zaizkie guzti horiei. Gauzak horrela, 12 bertsolari dira dagoeneko urrian hasiko den txapelketarako sailkatuta daudenak, eta 18 aurrekanporaketak jokatuko dituztenak. Azken horietatik hamabik lortuko dute sailkapen txartela, eta beraz, 24 bertsolarirekin abiatuko da txapelketa urrian.

Aurrekanporaketa saioak egungo osasun eta aforo neurri guztiak beteta egingo dira. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke horiek guztietarako sarrerak (5 eurotan arruntak, 4 eurotan bazkideenak, eta 3 eurotan 16 urtetik beherakoenak). Hauexek dira, hain zuzen ere, hiru saio horien xehetasunak.

IGANTZI. Baratzondo. Ekainak 18, ostirala, 19:00etan
Idoia Granizo Uribarrena

Urko Gartzia Aleman
Sahats Aleman Sadaba
Etxahun Azkarraga Fernandez
Endika Legarra Nuin
Aitor Irastortza Arrizurieta

Gai-jartzailea: Maialen Belarra Enterreaga

GARES. Frontoia. Ekainak 19, larunbata, 17:30ean
Jabi Lezaun Landa
Erika Lagoma Pombar
Patxi Castillo Graciarena
Ainara Ieregi Aramburu
Mikel Lasarte Cia
Mintxo Astiz Goñi

Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea Agirre

IRURITA. Gizarte Bilgunea. Ekainak 20, igandea, 17:30ean
Egoitz Gorosterrazu Elizagoyen
Xabier Silveria Etxeberria
Aitor Almandoz Elizalde
Ekhiñe Zapiain Arlegi
Ekain Alegre Gil
Oier Lakuntza Irigoien

Gai-jartzailea: Ander Aranburu Arriola

2019ko txapelketako aurrekanporaketa saio bat, Irunberrin.