Nafarroako Bertsozale Elkartea

Twitter Facebook

Nafarroa

Donezteben elkartu dira Nafarroako eta Xilabako Bertso Eskoletako gazteak

2018/11/20
Asteburuko egonaldia egin dute 14 eta 18 urte bitarteko 30 gaztek, bertsoaren bitartez elkar ezagutu eta gozatzeko asmoz. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du topaketa, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin.

Nafarroako eta Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nafarroako Bertso Eskoletako gazteen topaleku izan da Doneztebe iragan berri den asteburuan. Bi egunez, 14 eta 18 urte bitarteko 30 gazte elkartu dira herriko aterpetxean, bertsoaren bitartez elkar ezagutu eta gozatzeko asmoz. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du egonaldia, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin, orain dela bi urteko esperientziari segida emanez.

Bertsogintzaz harago, giza eta sormen garapenari bideratutako jarduerak izan dituzte asteburuan. Larunbatean, ibilaldia egin zuten Legarreako simaraino, 1936an han gertatutakoaren berri -bertan hil zituzten Sagardia Goñi familiako zazpi kide- izateko. Legasan bazkaldu ostean, tirolina jolasetan aritu ziren gazteak, Doneztebeko aterpetxera itzuli aurretik. Han egin zieten harrera Uxue Alberdi eta Sustrai Colina bertsolariei, eta haiekin solasean ibili ostean elkarrekin afaldu zuten denek. Afariaren ostean iritsi zen bertsolarien saioa, gazteek ederki gozatu zutena.

Biharamunean, gosaldu ostean, clown eta gorputz adierazpen tailerra egin zuten Bertso Eskoletako gazteek, Itziar Saenz de Ojerren eskutik. Behin tailerra bukatuta, "Sexijentziak askatuz" emanaldia eskaini zuen Saenz de Ojerrek berak, tailerrean landutakoa praktikara eramanez. Emanaldi horrekin eman zitzaion bukaera asteburuko topaketari.