Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Bihar jokatuko da Bertsokabi Sariketako finala, Iruñeko Arrano Elkartean

2017/10/25
Alazne Untxalok eta Egoitz Gorosterrazuk, Joanes Illarregik eta Ekain Alegrek eta Amaia Elizagoienek eta Xabat Illarregik osatutako bikoteak ariko dira nor baino nor. 20:00etan hasiko da saioa, Iruñeko Arrano Elkartean.

BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa iritsi da bere azken geltokira. Urriaren 5ean hasi zuen bere bidea, eta hiru kanporaketa jokatu ostean, iritsi da finalerako ordua. Bihar (urriak 26, osteguna) jokatuko da final hori, Iruñeko Arrano Elkartean, 20:00etatik aurrera. Oholtza gainean orain arteko hiru kanporaketetan nagusitutako hiru bikoteak izango dira: Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu (berez sailkatutako Irati Majueloren tokia hartuko du azken horrek), Joanes Illarregi eta Ekain Alegre, eta Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi. Ainhoa Larretxeak beteko ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak. Publikoko zazpi pertsonek izango dute saioa epaitzeko ardura: haien irizpideen arabera izendatuko dira BERTSOKABI Sariketako lehen txapeldunak. 

Bertsolariek hurrengo lanak egin beharko dituzte: lehenbizi, bikoteak nahastuz, ofizioka ariko dira doinu eta neurri librean, hiruna bertso kantatuz. Horren ostean, segidillan ariko dira bikote bakoitzeko ordezkari bana, minutu bateko bina txandetan. Ondoren, bertso proben atalean, bikotekako lana neurtuko da; bikote bakoitzak proba edo jolas bat bete beharko du. Behin hori eginda, bakarka ariko dira hiru bikoteetako ordezkari bana, gaia emanda. Saioari bukaera emateko, azkenik, koplaka ariko dira bikoteak, gaiari erantzunez. Hori eginda berdinketarik balego, azken ariketa bat jokatuko lukete berdindutako bikoteek. 

Sariketa berria borobiltzeko hitzordua

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du aurten lehen aldiz antolatutako BERTSOKABI-Eugenio Arraiza sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Orain arte jokatutako hiru saioetan, gogo onez erantzun du publikoak. 

Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.