Nafarroako Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Bertsolaritzaren Kultur Intereseko Ondasunaren izendapena aurkeztuko dute asteazkenean Nafarroako Museoan

2018/06/19
Nafarroako Gobernuak bertsolaritzaren Kultur Intereseko Ondasunaren izendapena aurkezteko ekitaldia antolatu du asteazkenean Nafarroako Museoan, 18:00etatik aurrera. Ana Herrera Kultura, Kirola eta Gazteria kontseilariak, Julio Soto bertsolariak, Alfredo Asiain ikertzaileak eta Gontzal Agote Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkariak hartuko dute parte. Ekitaldia irekia da eta amaieran bertso saio labur bat eskainiko dute museoko atarian.

Nafarroako Gobernuak bertsolaritzaren Kultur Intereseko Ondasunaren izendapena aurkezteko ekitaldi irekia antolatu du asteazkenean Nafarroako Museoan.  Bertan, Ana Herrera Kultura, Kirola eta Gazteria kontseilariak, Julio Soto bertsolariak, Alfredo Asiain ikertzaileak eta Gontzal Agote Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkariak hartuko dute parte. Amaieran, 19:00etan, Museoko atarian bertso saio laburra eskainiko dute Julio Soto eta Xabier Terreros bertsolariek.

Kultur Intereseko Ondasunaren izendapenaren aurkezpena Nafarroako Gobernuak antolatu duen ondare inmaterialari buruzko zikloaren barruan dago. Ekainaren 28ra arte gaiarekin lotutako hainbat hitzaldi eta ekitaldi egingo dira Nafarroako Museoan.

Babes mailarik gorena

Nafarroako Gobernuak ekainaren 6an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatzea onartu zuen, ondare materiagabe gisa. Besteak beste, Nafarroako kantu inprobisatuaren adierazpiderik nabarmenena eta hobekien kontserbatu dena dela adierazi zuen.

Era berean,  bertsolaritzak duen errotzea, komunitatearen babesa, eta transmisioa egiten ari den lana nabarmendu zituen. Kultur Intereseko Ondasunaren izendapenak bertsolaritza bizirik mantentzen lagundu nahi du, kontrolatutako eraldaketa ahalbidetuz.

Ondare materiagabearen arloan Nafarroak onartuko seigarren Kultur Intereseko Ondasun izendapena da bertsolaritzarena. Aurretik, Lantzeko inauteriek, Ituren eta Zubietako inauteriek, Hiru Behien Zergak, Luzaideko Bolantek eta Cortesko makil dantzak jasoa dute herrialdean ondare materiagabeak izan dezakeen babes mailarik gorena.

 

Ondare materiagabekoaren inguruko zikloa antolatu du Nafarroako Gobernuak.