Nafarroa

Ekainaren 1ean Nafarroako gazteen Bertso Eskolen eguna ospatu dute Iruñean

2025/06/03
Iruñeko Txantrea auzoan ospatu da eguna, eta Nafarroa osoko 9 eta 16 urte bitarteko 75 gaztek parte hartu dute bertan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak egitarau oparoa antolatu du haientzat.

Ikasturte amaierarekin batera etorri ohi da Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna. Aurtengoan Iruñean ospatu da eta 75 gazte elkartu dira goizetik ikasturteari amaiera borobila emateko.

Goizean Txantreako Salestarren txokoan Nafarroako bertsolari gazteen txapelketa jokatu da. Bertan, eskualdez eskualde egindako kanporaketa saioen ondotik 26 gaztek parte hartu dute. Oinak emanda, gai orokorrarekin eta ofizioka kantuan aritu ondoren, Araia Irigibel Terreros izan da garailea eta Maialen Ormaetxea Erro bigarren.

Ondoren, Gure ahots bideo motz lehiaketako sari banaketa egin da txalo eta irri artean. Sari nagusia Lesakako Bertso Eskolako gaztetxoen Mitoaroa lanak irabazi du. Gainerako sariak honela banatu dira: umore beltzaren saria Arantzako Bertso Eskolako Lau heriotzena bideoak; aurkezpen onenaren saria Arrotxapeako Bertso Eskolako Alde Zaharretik bideoak; doinu desberdinen erabileraren saria Altsasuko Bertso Eskolako Sakanako konkisa bideoak; eta, azkenik, publikoaren saria Lesakako haurren Bertso Eskolako Aimar bideoak.

Behin goizeko ekitaldia amaituta denek elkarrekin bazkaldu dute Aranzadiko parkean eguraldi bikaina aprobetxatuz. Arratsaldean, Txantreatik Alde Zaharrerainoko bidaia egin dute bertso ginkana baten bidez egunari bukaera ederra emanez.

Aisialdia, transmisioaren osagarri

Bertso Eskolen Egunak, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen beste hainbat jarduerak bezalaxe -Negulekuak, topaketak...- Bertso Eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremana bultzatu eta elkar ezagutza sustatzeko helburua du. Modu horretan, aisialdiari garrantzia berezia eman nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak, transmisioko beste bi erpinetan (Hezkuntza Arautuko egitasmoan eta Bertso Eskoletan) egiten den lana osatzeko balio duela ulertuta.

Egun, 18 urtetik beherako 150 ikasle inguru aritzen dira Nafarroako haur eta gazteen Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritza lantzen, 28 taldetan. Horretarako, irakasle sare zabal eta prestua du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.

2025eko Bertso Eskolen Eguna