Maiatzaren 24an Nafarroako gazteen Bertso Eskolen eguna ospatu dute Jauntsaratsen
Ikasturte amaierarekin batera etorri ohi da Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna. Aurtengoan Jauntsaratsen ospatu da eta 80 gazte elkartu dira goizetik ikasturteari amaiera borobila emateko.
Goizean Apeztegiberriko ganbaran Nafarroako bertsolari gazteen txapelketa jokatu da. Bertan, eskualdez eskualde egindako kanporaketa saioen ondotik hainbat gaztek parte hartu dute. Oinak emanda eta gai orokorrarekin kantuan aritu ondoren, Olaia Leitza Errazkin Arbizuarra izan da garailea eta Elorri Goñi Elortza Beratarra bigarren.
Ondoren, Gure ahots bideo motz lehiaketako sari banaketa egin da txalo eta irri artean. Guztira 22 lan aurkeztu dira eta hainbat sari banatu dira. Sari nagusia Lesakako Timuti Bertso Eskolako Lesakako zerbitzuak lanak irabazi du. Gainerako sariak honela banatu dira: bertsio onenaren saria Berako Bertso Eskolako Korrika Bera bideoak; bideo goxoenaren saria Irurtzungo Bertso Eskolako Patata tortilla bideoak; bideo koloretsuena Lakuntzako Bertso Eskolako Zirkua bideoak; doinu desberdinen erabileraren saria Baztango Bertso Eskolako Baserritik eskolara bideoak; aniztasunaren saria Doneztebeko Bertso Eskolako Kultura eta zapore desberdinak bideoak; umorearen saria Sanduzelaiko Bertso Eskolako Txuletak bideoak; originaltasunaren saria Lesakako Bertso Eskolako Nobita bideoak; eta, azkenik, kameo onenaren saria Leitzako Bertso Eskolako Turistak Leitzan bideoak.
Behin goizeko ekitaldia amaituta denek elkarrekin bazkaldu dute Oihanzabal ikastetxeko patioan eguraldi bikaina aprobetxatuz. Arratsaldean, Haritzaren ibilbidea osatu dute Jauntsaratseko haritzen itzalpea aprobetxatuz egunari bukaera ederra emanez.
Aisialdia, transmisioaren osagarri
Bertso Eskolen Egunak, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen beste hainbat jarduerak bezalaxe -Negulekuak, topaketak...- Bertso Eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremana bultzatu eta elkar ezagutza sustatzeko helburua du. Modu horretan, aisialdiari garrantzia berezia eman nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak, transmisioko beste bi erpinetan (Hezkuntza Arautuko egitasmoan eta Bertso Eskoletan) egiten den lana osatzeko balio duela ulertuta.
Egun, 18 urtetik beherako 160 ikasle inguru aritzen dira Nafarroako haur eta gazteen Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritza lantzen, 33 taldetan. Horretarako, irakasle sare zabal eta prestua du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.