Nafarroa

BAT Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketa azaroaren 13an Etxarri-Aranatzen

2015/11/10
Karrikestu Elkarteak antolatuta, Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketaren seigarren edizioa jokatuko da ostiralean Etxarri-Aranatzen.

Bertsolari gazteei zuzendutako ekimen honek, ohi bezala Euskal Herriko lurraldetasuna irudikatuz, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Iparraldeko bertsolari bana eta Nafarroako bi bertsolari ekarriko ditu kantura: Xabi Igoa (Araba), Mikel Lasarte (Nafarroa Garaia), Malen Amenabar (Bizkaia), Eneritz Artetxe (Gipuzkoa), Battitt Crouspeyre (Nafarroa Behera) eta Saats Karasatorre (Nafarroa Garaia; Etxarri-Aranatz).

Hitzordua, azaroaren 13an izango da 21:30etik aurrera Etxarri-Aranazko Karrikestu elkartean.

Sariketak, jendea bertsora eta zeharka euskaraz aritzera gehiago hurbil dadin akuilu izan nahi du eta euskararen erabilpenari zein euskal kulturaren sutapenari bultzadatxo bat eman nahi dio. Bestalde, plaza interesgarri bat eskaini nahi die bertsolari gazteei: ezagutzera emateko, beraien burua proban jartzeko…

Nafarroan Xalto eta Izeta sariketak egiten badira ere, era honetako lehiaketarik, lurraldetasun irizpideak oinarri dituenik, ez da burutzen urtean zehar. Etxarrikoa da beraz bakarra. Seigarren edizioa izanik, Euskal Herri mailan ezagunak diren Osinalde, Bertsoko eta antzeko sariketekin batera, BAT sariketa ere bertsolarien ezinbesteko ibilbidean sartu da.

Afarirako txartelak Etxarri-Aranazko Leku Ona eta Xapatero tabernetan salgai daude eta erreserbak 610610575 telefonoan egin daitezke.

 

Karrikestu Elkartea da BAT Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketaren antolatzailea. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Etxarri-Aranazko Udalak antolaketa lanetan lagundu dute.