Nafarroa

Aurrekanporaketak bukatuta, 13 bertsolarik lortu dute Nafarroako Txapelketarako txartela

2021/06/21
Asteburuan jokatu dira 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketarako hiru aurrekanporaketak, Igantzin, Garesen eta Iruritan. 18 bertsolarik hartu dute parte, eta horietatik 13 sailkatu dira urrian abiatuko den txapelketarako. Beste 11 bertsolarirekin elkartuko dira han, dagoeneko sailkatuta daudenak.

Urriaren 2an abiatuko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta azaroaren 27an bukatuko da, finalarekin. Aurretik, ordea, aurrekanporaketa fasea jokatu da, txapelketan parte hartuko dutenen zerrenda osatzeko. Hiru saio izan dira asteburuan, ostiralean Igantzin, larunbatean Garesen, eta atzo, igandearekin, Iruritan. 18 bertsolarik parte hartu dute guztira -2019ko txapelketan parte hartu gabekoak eta azken txapelketa horretako azken lau sailkatuak-, eta horietatik 13k eskuratu dute txapelketan parte hartzeko eskubidea. Haiekin batera, beste 11 bertsolari ere arituko dira txapelketan, dagoeneko sailkatuta daudenak, 2019koan parte hartu izanagatik.

Hiru aurrekanporaketa saio bakoitzeko irabazleak eta sailkapenaren araberako beste hamar bertsolari izan dira txapelketarako sarbidea eskuratu dutenak. Jarraian zehazten da saio bakoitzeko puntuazioa, eta, beltzez, sailkapena eskuratu dutenak.

IGANTZI. Ekainak 18, ostirala

1. Endika Legarra Nuin (246,5)
2. Aitor Irastortza Arrizurieta (230,5)
3. Idoia Granizo Uribarrena (227)
4. Urko Gartzia Aleman (219,5)
5. Sahats Aleman Sadaba (210,5)
6. Etxahun Azkarraga Fernandez (179)

GARES. Ekainak 19, larunbata

1. Patxi Castillo Graciarena (245,5)
2. Erika Lagoma Pombar (242,5)
3. Mikel Lasarte Cia (238,5)
4. Ainara Ieregi Aramburu (208,5)
5. Mintxo Astiz Goñi (201,5)
6. Jabi Lezaun Landa (179,5)

IRURITA. Ekainak 20, igandea

1. Xabier Silveira Etxeberria (279,5)
2. Ekhiñe Zapiain Arlegi (259)
3. Ekain Alegre Gil (255)
4. Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (244)
5. Oier Lakuntza Irigoien (222)
6. Aitor Almandoz Elizalde (203,5)

 

 

Xabier Silveira, Iruritako saioko irabazlea, Aitor Almandozekin kantuan, atzo.