Nafarroa

Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi pasa dira Bertsokabiko finalera, Barañaingo saioa irabazita

2017/10/21
Barañaingo Lanabe aretoan jokatutako saioan nagusitu dira, Saioa Alkaizak eta Aitor Irastortzak eta Saats Karasatorrek eta Unai Artiedak osatutako bikoteen aurretik. Giro beroan joan da saioa; 80 bat entzule bildu dira bertsotaz bertatik bertara gozatzeko.

Giro bikainean jokatu da BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketako hirugarren eta azken kanporaketa. 80 entzule inguru bildu dira Barañaingo Lanabe Kultur Elkartean, saioa zuzenean jarraitzeko. Taula gainean izan dira Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregik, Saioa Alkaizak eta Aitor Irastortzak eta Saats Karasatorrek eta Unai Artiedak osatutako bikoteak. Iker Mundiñanok egin ditu gai-jartzaile lanak, eta publikoko bost pertsonek izan dute saioa epaitzeko ardura. Lan puntuagarriak eginda, Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi izan dira garaile, eta hortaz, datorren ostegunean, hilak 26, Iruñeko Arrano Elkartean jokatuko den finalean izango dira. 

Bikoteka banatu dituzte saioan zehar egin beharreko lanak. Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu dira sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz. Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu dituzte Xabat Illarregik, Unai Artiedak eta Aitor Irastortzak, saio umoretsu eta bizian. Bertso proben tartean bikotekako lana jarri dute balioan: tabu jokoan, luma hitza asmatu du Amaia Elizagoienek, Xabat Illarregi kideak txoria, azala, ilea eta indioa hitzak erabili gabe pistak ematen zizkion bitartean. ‘Bat, bi, hiru’ jolasean, patxada oinarekin hasita puntuka aritu dira Saats Karasatorre eta Unai Artieda, hiru bat minutuz, poto egin dutenera arte. Ezkutuko pertsonaia (Mañukorta) asmatzeko ahaleginetan aritu da bestalde Saioa Alkaiza, eta baita asmatu ere, Aitor Irastortza kidearekin galde-erantzunean.

Proben ostean iritsi da bakarkako ariketa, Saats Karasatorrek, Saioa Alkaizak eta Amaia Elizagoienek bete dutena, eta horren ostean, saioari bukaera emateko, koplaka aritu dira hiru bikoteak, egoera emanda. Horren ostean jakinarazi du aurkezleak publikoko botoen emaitza.

Finala, urriaren 26an

Hirugarren eta azken kanporaketa izan da gaurkoa, eta hortaz, osatu da sariketako finalean ariko diren bertsolarien zerrenda. Urriaren 26an, Iruñeko Arrano Elkartean ariko dira Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu (berez sailkatutako Irati Majuelo ordezkatuko du azken honek), Joanes Illarregi eta Ekain Alegre eta Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi, 19:30etatik aurrera. Ainhoa Larretxea ariko da gai-jartzaile. Sarrera doakoa izango da, orain arteko kanporaketetan bezalaxe. 

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi, entzuleen aurrean kantuan.