Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

Alazne Untxalo eta Irati Majuelo dira BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketako lehen finalistak

2017/10/06
Iruñeko SuBerri Tabernan jokatutako saioan nagusitu dira, Patxi Castillo eta Egoitz Gorosterrazuk eta Iker Gorosterrazuk eta Ander Baianok osatutako bikoteen aurretik. Lepo bete da aretoa, eta giro ederrean jarraitu dute saioa 70 bat entzulek.

Hasiera bikaina izan du BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketak. Atzo, ostegunez, jokatu zen lehen kanporaketa, Iruñeko Suberri tabernan, eta lepo bete da aretoa bertsolarien lana entzuteko. Oholtza gainean, hiru bikote, eta sei bertsolari: Iker Gorosterrazu eta Ander Baiano, Alazne Untxalo eta Irati Majuelo eta Patxi Castillo eta Egoitz Gorosterrazu. Maialen Belarrak egin zituen gai-jartzaile eta aurkezle lanak. Publikoko bost pertsonek izan zuten bertsolarien jarduna epaitzeko ardura. Lan puntuagarriak behin bukatuta, Alazne Untxalok eta Irati Majuelok jaso zuten entzuleen puntu gehien, eta horrenbestez, haiek izan ziren saioko irabazleak. Hala, urriaren 26an Iruñeko Arrano Elkartean jokatuko den finalerako txartela eskuratu dute.

Bikoteka banatu zituzten saioan zehar egin beharreko lanak. Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu ziren sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz. Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu zituen bikote bakoitzeko ordezkari banak, erritmo ederrean. Bertso proben tarteak piztu zituen irri gehienak: tabu jokoan, kabia hitza asmatu nahian jardun zuen Alazne Untxalok, Irati Majuelo kideak txoria, arraultza, zuhaitza eta sariketa hitzak erabili gabe pistak ematen zizkion bitartean. ‘Bat, bi, hiru’ jolasean, begira oinarekin hasita puntuka aritu ziren Patxi Castillo eta Egoitz Gorosterrazu, hiru bat minutuz, poto egin arte. Ezkutuko pertsonaia (Milka-ko behia) asmatzeko ahaleginetan aritu zen bestalde Ander Baiano, Iker Gorosterrazu kidearekin galde-erantzunean.

Proben ostean iritsi zen bakarkako ariketa, Alazne Untxalok, Patxi Castillok eta Iker Gorosterrazuk bete zutena, eta horren ostean, saioari bukaera emateko, koplaka aritu ziren hiru bikoteak, egoera emanda. Horren ostean jakinarazi zuen aurkezleak publikoko botoen emaitza, eta orduan iragarri zen saioko bikote txapelduna.

Beste bi kanporaketa, finalerako bidean

Datozen bi kanporaketetan nagusitzen diren bikoteekin arituko da finalean atzoko bikote irabazlea. Heldu den urriaren 11an, asteazkena, bigarren kanporaketa jokatuko da Iruñeko Herriko Tabernan, 19:30etatik aurrera. Han izango dira Joanes Illarregi eta Ekain Alegre, Josu Sanjurjo eta Iñigo Gorostarzu eta Mikel Lasarte eta Idoia Granizo. Pablo Perezek hartuko du saioa aurkeztu eta gaiak jartzeko ardura. Urriaren 20an, bestalde, azken kanporaketa jokatuko da Barañaingo Gaztetxean, 20:30etan (aurretik merendua izango da, 20:00etan). Oholtza gainean ariko dira Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi, Saioa Alkaiza eta Aitor Irastortza, eta Saats Karasatorre eta Unai Artieda bertsolariak. Iker Mundiñano izango da gai-jartzailea. 

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Alazne Untxalo eta Irati Majuelo, koplaka.