Nafarroa

Nafarroako Bertso Eskolen eguna, maiatzaren 24an Jauntsaratsen

2026/04/21
Nafarroako gazteen Bertso Eskolek haien eguna ospatuko dute maiatzaren 24an, Jauntsaratsen. Nafarroa osoko 9 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute bertan.

Ikasturte amaierarekin batera etorri ohi da Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna. Aurtengoak ere badu data dagoeneko: maiatzaren 24an ospatuko da, Jauntsaratsen. Nafarroako Bertso Eskolen sareko 9 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzenduriko jarduera da Bertso Eskolen Eguna.

Goizean elkar ezagutzeko jolasak egin ondoren gaztetxoek 14 urte arteko txapelketa jokatuko dute Apeztegiberriko ganbaran. Ondoren, elkarrekin bazkaldu eta une goxo bat pasatzeko aukera izanen dute. Arratsaldean, Gure ahots bideo motz bideo lehiaketaren baitan sortutako bideoak ikusiko dituzte eta sari banaketa egingo da. Azkenik, Jauntsaratsen ezagun den Haritzaren ibilbidea osatuko dute bertako harizti ederrean barrena. 

Bertso Eskolen egunean izena emateko hurrengo galdetegia bete beharko da, maiatzaren 15a baino lehenago (galdetegian jaso dira jardueraren inguruko oharrak).

 Aisialdia, transmisioaren osagarri

Bertso Eskolen Egunak, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen beste hainbat jarduerak bezalaxe -Negulekuak, topaketak...- Bertso Eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremana bultzatu eta elkar ezagutza sustatzeko helburua du. Modu horretan, aisialdiari garrantzia berezia eman nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak, transmisioko beste bi erpinetan (Hezkuntza Arautuko egitasmoan eta Bertso Eskoletan) egiten den lana osatzeko balio duela ulertuta.

Egun, 18 urtetik beherako 160 ikasle inguru aritzen dira Nafarroako haur eta gazteen Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritza lantzen, 28 taldetan. Horretarako, irakasle sare zabal eta prestua du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.

2025ean Iruñean ospatutako Bertso Eskolen Eguna