Nafarroa

Nafarroako Bertso Eskolen asteburua maiatzaren 21etik 22ra egingo da, Arantzan

2022/04/04
Nafarroako Bertso Eskoletako haur zein gazteek egonaldia egingo dute 2022ko maiatzaren 21etik 22ra, Arantzan. Udaberriro bezala, Bertso Eskoletako ikasleen topaketak egingo dira, eta aurtengoan asteburuko egonaldia izango da, egitarau oparoarekin. Internet bidez eman beharko da izena, apirilaren 7tik 26ra bitarte. 2021eko Negulekuetan izena eman zuten ikasleek aukera izango dute apirilaren 4tik 6ra bitarte ere izena emateko.

Ikasturte amaierarekin batera etorri ohi dira Nafarroako gazteen Bertso Eskolen topaketak. Aurtengoek ere badute data dagoeneko: maiatzaren 21etik 22ra Nafarroa osoko 9 eta 18 urte bitarteko gazteek asteburuko egonaldia egingo dute Arantzan (bi txanda bereizi izango dira, LHko ikasleena bata, eta DBHkoena bestea). Asteburu berean, Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatuko da (aurrerago azalduko dira Eskolarteko Txapelketaren xehetasunak). 

Bertso Eskolen egonaldian izena emateko hurrengo galdetegia bete beharko da apirilaren 7tik 26ra bitarte. 2021eko Negulekuetan izena eman zuten ikasleek aukera izango dute apirilaren 4tik 6ra bitarte izena emateko. Plaza kopurua mugatua izango da eta izen-emate ordena errespetatuko da.  

 

Egitaraua:  

Maiatzaren 21a:

- 11:00etan ongi etorria eta ezagutza jolasak. 

- 11:30ean hamaiketakoa. 

- 12:00etan mendi txangoa. 

- 16:00etan denbora librea. 

- 17:00etan Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. 

- 20:30etan afaria. 

- 22:00etan Bingo Musikatua (LH) eta ginkana herrian barna (DBH). 

 

Maiatzaren 22a: 

- 09:00etan gosaria. 

- 10:00etan Ginkana herrian barna (LH) eta Bingo Musikatua (DBH). 

- 12:00etan Itzulera.  

 

Aisialdia, transmisioaren osagarri

Bertso Eskolen Egonaldiak, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen beste hainbat jarduerak bezalaxe -Negulekuak, topaketak...- Bertso Eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremana bultzatu eta elkar ezagutza sustatzeko helburua du. Modu horretan, aisialdiari garrantzia berezia eman nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak, transmisioko beste bi erpinetan (Hezkuntza Arautuko egitasmoan eta Bertso Eskoletan) egiten den lana osatzeko balio duela ulertuta.

Egun, 18 urtetik beherako 150 ikasle inguru aritzen dira Nafarroako haur eta gazteen Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritza lantzen, 25 taldetan. Horretarako, irakasle sare zabal eta prestua du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.

IZEN-EMATEA:

Izena emateko, ondoko galdetegia bete beharko dute ikasleek. 

Izen-emate epea (orokorra): Apirilaren 7tik 26ra. 

Izen-emate epea (2021eko Negulekuetan izena eman zuten ikasleei zuzendua) : Apirilaren 4tik 6ra (apirilaren 7tik aurrera izena ematen badute izen-emate ordena errespetatuko da, ez dute lehentasunik izango). 

2021eko Bertso Eskolen Eguna, Lesakan.