Nafarroako Bertsozale Elkartea

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb

Nafarroa

90 ikasle inguru bildu ditu Nafarroako Bertso Eskolen Egunak

2017/05/08
Giro ederrean ospatu da jaia, Irurtzunen. Egun osoz, Nafarroako gazteen bertso eskoletan dabiltzan ikasleen topaleku izan da Sakanako herria.

Nafarroako hainbat eskualde eta herrietako bertso-eskoletan diharduten ikasleen topaleku izan zen atzo, maiatzak 7, Irurtzungo herria. Nafarroako Bertso Eskolen Egunak Berako, Lesakako, Arantzako, Igantziko, Etxalarko, Oronozko, Legasako, Doneztebeko, Leitzako, Altsasuko, Iruñeko, Barañaingo, Atarrabiako eta Uharteko ikasleak bildu zituen, eta egun osoko egitaraua eskaini. Hala, bertso-eskoletako ikasleen arteko harremanak bultzatzeko eta elkar ezagutza sustatzeko aukera eskaini zuen egunak.

Elkar ezagutza jolasek eman zioten hasiera egunari, 11:30ean, Irurtzungo Kultur Etxean. Horren ostean, ibilbidea egin zuten ikasleek oinez, eta jolas probak izan zituzten bidean zehar. Ondoren, gaztetxoen bertso saioa eta Bertsopaperen Lehiaketako sari emate ekitaldia izan ziren. Beñat Sanz de Acedo, Imanol Mesa, Beñat Astiz eta Ekhine Zapiain izan ziren saridunak.

Bazkal ostean, bertsogintzarekin lotutako jolas-dinamiketan hartu zuten parte Irurtzunen bildutako gazteek, 17:00ak arte. Ordu horretan itzuli ziren ikasleak norbere herrira.

Gaur egun,18 urtetik beherako 302 ikaslek lantzen dute bertsolaritza eskola orduz kanpo, Nafarroa osoko 33 bertso eskoletan, eta 9 irakasleren jardunari esker. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.