Nafarroa

Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2026ko Nafarroako Eskolartekoa

2026/04/17
Leitzan jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 40. edizioa. Hamar bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari Euskal Herriko Eskolartekoan.

Leitzako Atekabeltz gaztetxean jokatu da 40. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Hamar bertsolarik hartu dute parte txapelketan, ondorengoek: Aner Arkauz Lazkano (Lakuntza), Ekain Telletxea Odriozola (Donamaria), Enaitz Zestau-Telletxea (Bera), Ibai Letona Garaikoetxea (Iruñea), Iradi Goñi Montiel (Sarriguren), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Maddi Barandiaran Leitza (Bakaiku), Olaia Leitza Errazkin (Arbizu) eta Xabier Arkauz Lazkanok (Lakuntza). Eki Mateorenak aurkeztu du saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Nerea Bruño aritu dira epaile lanetan. 

Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, lau bertsolari pasa dira bigarren fasera: Ekain Telletxea, Enaitz Zestau, Kattalin Lizarraga eta Kattin Madariaga. Bigarren fase honetan, zortziko txikian ofizioka aritu dira bertsolariak. Ostean, lau bertsolarietatik bi sailkatu dira buruz-burukora: Kattalin Lizarraga eta Kattin Madariaga. Ganbarako ariketan, puntu banari erantzun diote, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu dira, bertso bana kantatuta. 

Azkenean, Kattin Madariagak bildu du puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Kattalin Lizarragak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. 

Xabat Illarregi Marzol Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapeldunaren eskutik jaso du txapela. Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, "Oinak buruan" saria. Kasu honetan, Kattalin Lizarragak irabazi du sari hori. 

Eskolartekoko bertsolariak eta Eki Mateorena gai-jartzailea saioa bukatutakoan.